GARA
BILBO

Euskararen marka landuko dute EHUk eta euskalgintzak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta euskalgintzako zenbait eragilek euskararen marka aztertzeko ikerketa proiektu bat garatuko dute. Markagintzan eta marketinean baliatzen diren teknikak hizkuntza plangintzara ekartzea da egitasmoaren muina. Alor akademikoan aitzindaria da, marka kontzeptua hizkuntzen eremuan aplikatzen den lehenengo aldia delako. Unibertsitateko aditu batzuek propio eratu dute proiekturako NIK ikerketa taldea.

Euskararen marka lantzeko proiektu berritzailea abiatuko dute euskalgintzako eragileek eta EHUk. Egitasmoan parte hartuko duten kideen ordezkariak Bilboko Bizkaia Aretoan bildu ziren atzo, egingo duten lana aurkeztu eta guztien batasuna irudikatzeko asmoz.

Bertan izan ziren Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Estitxu Garai ikerketa proiektuaren zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakaria, Olatz Olaso Emuneko zuzendari orokorra eta Bea Zabalondo Berria Taldeko presidentea.

Jon Abril Elhuyar Fundazioko zuzendaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkaria, Iñaki Urkijo AEK-ko artezkarikidea eta Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko zuzendaria ere elkartu ziren ekitaldian.

Marka bat eraiki eta elikatzeko prozesuak jendarteko alor guztietara zabaltzen ari dira, pertsonak, lurraldeak eta kultura jakinak ere marka gisa jorratzeko joera gero eta hedatuago baitago. Halere, nazioartean hizkuntza-markagintza jorratu duen aurrekaririk ez dago, eta markagintzaren aldaera berri honen kontzeptualizazioa mamitzeko eta proiektua aurrera eramateko propio eratu du unibertsitateko aditu talde batek NIK ikerketa taldea. Estitxu Garai, Irene Garcia, Patxi Azpillaga, Irati Agirreazkuenaga, Angeriñe Elorriaga, Koldo Atxaga, Sergio Monge, Ainara Miguel eta Naroa Jauregizuriak osatzen dute.

Eredu baliagarri bat sortu

Behin markagintzaren jakintza teoriko eta praktikoak hizkuntzaren eremura ekarrita, edozein hizkuntzatan baliagarria izan daitekeen eredua sortzea da asmoa. Teknika kualitatibo eta kuantitatiboak baliatuko dira eta ikerketa hurrengo hilabeteetan egingo den makroinkesta batekin amaituko da.

Ondoren, emaitzak lantzearekin batera, marka estrategia proposamena egingo dutela azaldu zuen Estitxu Garai proiektuaren zuzendariak.

Emaitzek euskararen erabileran eragiteko bidea emango dutela espero dute egitasmoaren bultzatzaileek. Garairen iritziz, euskara inguratzen duten narratibek eta euskarari lotutako elkarlan positiboek «eragin zuzena» izan dezakete euskara erabiltzeko motibazioan, gero eta eleaniztunagoak diren jendarteetan, komunikaziorako tresnak izateaz gain, hizkuntzek balio sinbolikoa hartzen baitute.

«Metaforikoki azalduta, hizkuntza bakoitza soineko jakin bat bihurtzen da, ezaugarri sinbolikoz jositako soinekoa. Euskararen soinekoa jantzita gure burua nola ikusten dugun eta nola sentiarazten gaituen, nola baldintzatzen duen soineko horrek besteek nola ikusiko gaituzten, horra hor proiektu honek landu asmo duena», adierazi zuen egitasmo berritzailearen zuzendariak.