GARA
brasilia

Egunero 180 bortxaketa izan ziren Brasilen iaz, inoizko gehien

Egunean, Brasilen 180 bortxaketa gertatzen dira batez beste. Iaz, 66.041 bortxaketa izan ziren, eta orain arteko zifrarik altuena izan da.

Segurtasun Publikorako Brasilgo Foroak atzo plazaratu zituen datuen arabera, 2018. urtean 66.041 bortxaketa izan ziren Brasilen. Eguneko batezbestekoa 180 da. 2017ko datuekin alderatuta, %4,5 gehitu ziren iaz bortxaketa kasuak. Biktimen %81,8 emakumeak izan ziren eta horietatik %53,8k 14 urte baino gutxiago zuten. Orduero, 14 urtetik beherako lau neskato bortxatu zituzten Brasilen.

Kasu gehienetan, lautik hirutan, biktimak egilea ezagutzen zuen. Arrazari dagokionez, bortxatutakoen %50,9 beltzak ziren eta %48,5 zuriak.

«Bortxaketei dagokionez, gizarte brasildarra oraindik nahiko kontserbadorea dela esan genezake eta askotan biktimari botatzen diote gertatutakoaren errua. Indarrean dagoen matxismoaren eta estereotipoen isla da hori», salatu zuen Foroak txostenean.

Bestalde, feminizidioek ere gora egin zuten. 1.206 erregistratu zituen arestian aipaturiko gobernuz kanpoko erakundeak, 2017an baino %4 gehiago. Hil zituzten emakumeen %61 beltzak ziren. Adinari erreparatuta, adin-tartea oso zabala izan arren, %28,2k 20 eta 29 urte artean zuten eta %29,8k 30 eta 39 urte bitartean. Kasuen ia %90, bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako emakumeak izan ziren.

Ikerketaren egileek ohartarazi zutenez, feminizidio gehienak bikote harremanaren barruan gertatzeak prebentzio politikak zailtzen ditu, biktimaren eta bere erasotzailearen artean dagoen «mendekotasun harremanagatik eta ikuspegi kontserbadoreagatik».