Maider IANTZI

UNERIK LATZENETAN EMANDAKO SAMURTASUNA, BUELTAN

GOXOTASUNA, MAITASUNA; HITZ HORIEKIN DEFINITUKO GENUKE ATZOKO MANIFESTAZIOA, HORI TRANSMITITZEN ZUTELAKO 47 AUZIPETUEK, HUNKITUTA ETA ESKERTUTA, ETA HORIXE JASO ZUTELAKO BERRIRO KALEAK ITSASO BIHURTU ZITUEN JENDETZARENGANDIK.

Ez ziren datarik onenak: oporren ondotik, herri ugaritan jaiak ospatzen... Eta halere hamaika herritar boluntariok jendea mugitzea lortu zuten. Horri esker manifestazio handi, koloretsu eta anitza atera zen, Euskal Herriko alde aunitzetako gazte, heldu eta familiez hornitua. Kanpotik ere etorri zen babesa, Kataluniatik eta Madrildik, bertzeren artean.

Eta babes eta maitasun bultzada horren muinean, 47 auzipetuak eskertuta, hunkituta eta pixka bat gaindituta ere bazeuden. Oscar Sanchez Itzubaltzetako abokatua, adibidez, urduri zegoen. «Epaiketa hasteko eta etapa hau amaitzeko gogoa dut», adierazi zion GARAri. Hilabeteotako kanpaina positiboa izan da berarentzat, «lagun dezente jarri delako martxan, bereziki auzipetuen herrietan».

Atzoko erakustaldia euren askatasuna eskatzeko soilik ez, «gatazka eta presoen auzia konpontzeko» pauso bat izatea garrantzitsua iruditzen zaio.

Sei urteko prozesu baten ondotik joanen dira bihar Auzitegi Nazionalera eta, abokatua izanik denborak ezagutzen baditu ere, luze egin zaiola aitortu zigun. Baina jendearen «erantzun apartak» indarra eman zion.

Ohiko bizitzara itzuli

Fernando Arburua Jaiki Hadi elkarteko psikologo eta koordinatzailea ere epaiketa pasatzeko gogoarekin dago. «Hilabete potenteak izan dira: dinamikak, bilerak, hitzaldiak, elkarrizketak... Bizitza normala egiteko irrikatan nago», azaldu zigun. Duela lau urte atxilotu zuten eta «nahiko ongi» eraman du auzia. Prozesatuak euren artean bildu izan dira. «Horrek gaiarekin lotua mantendu nau, baina ez du oztopatu eguneroko lana». Zein mezu eman nahi zuen galdetuta, operazio hau presoei zuzendua dagoela nabarmendu zuen. «Gu zuzenean ukitu gaitu euren asistentzian eta elkartasunean gabiltzalako eta babes guztia moztu nahi dutelako. Haien eskubideak urratzen ari dira».

Arburuak argi du, zigortu arren, presoak babesten jarraitu behar dela. Eta kanpaina udan tokatu bada ere, herriz herri «sekulako lana» egin dela azpimarratu du. «Ez da erraza eta herriari esker lortu da».

Ainhoa Baglietok «hurbiltasun handia» jaso zuen Bilboko karriketan. «Preso ohi pila bat ikusi ditut, lagunak, senideak... eta maitasuna sentitu dut». Bestalde, «urduri» zegoen.«Ez dut sinesten Madrilera goazenik».

Abokatu bezala sarri lagundu ditu auzipetuak eta orain bera dago trantze horretan. «Beraien sentsazioak bizi ditut, ikusten ditut niregan», aitortu zuen, hunkituta. Bere hurbilekoak aipatu genizkionean erran zigun «familia eta lagunentzat une gogorrak» direla baina eurek baino lehenago sendi ugarik bizi izan dutela urte luzez egoera gogor hori. «Eta oraindik bizi dute. Asko ezin dira gurekin egon senideak bisitatzen ari direlako».

«Konponbidearen mezua zabaldu nahi dut, etorkizunaren aldekoa. Guztion artean benetako errelato bat sortzen laguntzeko unea da. Hor sartzen da preso eta iheslarien egoera konpontzeko aldarria», agertu zuen.

Ekain Zubizarreta Herrira mugimenduan presoen eskubideak babesten jarduteagatik dago auzipetuta. Familiarekin batera etorri zen Bilbora. Bi ume izan ditu prozesuaren denboran. «Urte asko dira eta epaiketa hurbildu ahala tentsioa nabari da. Bizipen gogorrak dira, baina ederrak aldi berean, jasotzen ari garen elkartasun guztiarekin oso hunkituta gaudelako». Maitasun hori nabaria zen, auzipetuekin solastatu bitartean beti hurbiltzen baitzitzaizkien lagunak besarkada bat ematera.

Arrasatearrak ez zuen ahantzi auzi honetara preso eta iheslarien egoerak ekarri zituela eta oraindik konpondu gabe dagoela arazoa. Horrekin kezkatua dago eta ez du zalantzarik bere ekarpena egiten jarraitzeko.

Lanaren zentzua, berretsita

Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko psikologo izateagatik zigortu nahi dute. «Sentimendu nahasien zurrunbilo batean» zegoela egin genion elkarrizketa. «Emozio eta ilusio handia» sentitzen zituen hainbertze jende elkartuta ikusita, baita eurekin elkartasunez antolatu diren ekimen guztiengatik ere. «Zenbat jende eta zenbat gogo!». Jendartearen babes zabala jasota, «indartuta» zegoen gasteiztarra.

«Bagenekien gure lanak zentzua zuela eta honek arrazoia eman digu», azaldu zuen. Kezka agertu zuen Auzitegi Nazionalera joan behar dutelako. «Jakina da salbuespenezko auzitegia dela. Jendeak zortea opa digu justizia beharrean. Fiskaltzaren eskaerak oso gogorrak dira».

24 urtean senide izan da Luzuriaga eta psikologo gisa lan egin izan duenean jasotzen zituen sentipen aunitz biziak zituen edo irudikatzen ahal zituen. «Baina hemen jartzeak beste ardura bat, pisu bat ematen dizu. Denbora honetan gure biziak aurrera egin du eta alaba bat izan dut. Ingurukoek arduratzen naute. Aita 24 urtez senideak bisitatzen ibili ostean pentsatzea berriro dispertsioaren gurpilean sar daitekeela, gogorra da, inoiz baino lan publikoagoa egin dugunean, hainbat eremutan goraipatutako lan profesionala».

Senide, psikologo, abokatu edo herritar bezala, zaintza eman diete presoei eta euren hurbilekoei. «Mugatuak dituzten beharrak ase ditugu edo horretan lagundu dugu». Orain, auzipetutako 47 herritarrak bueltan jasotzen ari dira emandako samurtasun hori guztia.