GARA
BAIONA

Macronen erretratuak ebastea delitutzat ez jotzea mugarria da ekologisten ustez

Frantziako Lyon hiriko Zigor Auzitegiak errugabetu egin zituen, astelehen arratsaldean, Emmanuel Macron presidentearen erretratu ofiziala hainbat erakundetatik kendu eta eramateagatik epaituriko bi ekintzaileak.

ANV-Cop21 eta Bizi! mugimenduek, baita Europa Ekologia-Berdeak eta Frantzia Intsumitua alderdiek ere, mugarri gisa hartu zuten atzo ebazpena.

Epailearen erabakiaren berri izan ondoren, Lyonen harturiko deliberoa «lehen garaipen garrantzitsua» dela nabarmenduz prentsa-oharra zabaldu zuen Bizi! mugimenduak.

Prokuradoreak, espero bezala, helegitea ezarri zion atzo bertan klimaren aldeko ekintzaileak zurituz jujeak harturiko erabakiari. Hala eta guztiz ere, talde ekologistek ebazpen judizialean azaldutako argudioei egin zieten gehienbat azpimarra.

Hain zuzen, Fanny eta Pierre ekintzaileak errugabetzat jotzeko orduan beraiek egindako ekintza onargarritzat jo du epaiak, «beharrizan-egoeraren onuragatik eta zilegizko arrazoiengatik» jardun zutela aitortuta.

«Klima aldaketa humanitatearen geroan serioski eragiten ari den egitate iraunkor bat da», azaldu dute epaileek ebazpen horretan, era berean frantses Estatuaren politikari aipu eginez.

«[Frantzia] nazioarte eta barne mailan engaiatu bada ere, defentsak aurkezturiko txostenek erakusten dute helburu horiek ez direla beteko», idatzi dute zehazki epaileek beren deliberoan, era horretan bi ekintzaileen defentsak eta oro har Macronen potretak kentzeko kanpaina sustatu duten taldeek emandako arrazoiak ontzat emanez.

«Interes publikoa»

Bestalde, auzitegiaren arabera, akusatuek harturiko bidea, eta beraz, jendartearen aurrean defendatu zuten kausa, «interes publikokoa da».

«Baimenik gabe, eta soilik kausa honi begira, potreta kendu eta eramatea, Errepublikako presidentearen eta herriaren arteko elkarrizketarik eza ordezkatzeko nahitaezko ekimen gisa interpretatu behar da», argudiatu zuen Lyongo zigor auzitegiak.

Epaileen iritziz, Macronen erretratu ofizialak atxikitzea ez da «zigortzeko arrazoi bat», kausa horri berari lotua baita.

Joan den hilabetean, klima larrialdiaren aurrean frantses presidentearen engaiamendu falta agerian uzteko 130 erretratu ofizial kendu zituzten orotara ekintzaile ekologistek Hexagono osoan buruturiko kanpainaren bidez. Horietatik dozena bat Ipar Euskal Herriko erakundeetatik kendu zituzten, eta G7koen gailurra egin zen egunetan agerrarazi, Baionan.

Hain zuzen, Lyongo ekintza gertatu zen egunean, Bizi!-ko ekintzaileek Macronen potretak erretiratu zituzten Biarritz eta Uztaritzeko udaletxeetatik.

«Potreten lapurren» aurkako hemezortzi bat auzi aurreikusita daude frantses Estatuan. Horregatik, Lyonen plazaraturiko ebazpenak «bide berri bat» zabaldu dezakeelakoan itxaropentsu azaldu dira ekologistak.