GARA
AMURRIO

Tubacexen asteartean hildako langilearen heriotza ikertzen dabiltza

Astearten hil zen M.G.R. behargina, Tubacexek Amurrion duen Acerolava lantegian lanean zebilela. Eusetek Gas SL enpresakoa zen –Tubacexen azpikontrata–, eta, labearen mantentze-lanez arduratzen zenez, bero kolpe baten ondotik zendu ote zen ikertzen dabil Osalan.

Tubacex enpresak Amurrion duen lantegian lanean zebilela zendu zen asteartean M.G.R. 61 urteko behargina. Atzo oraindik ez zeuden argi istripua eragin zuten arrazoiak, baina LAB sindikatuak ohartarazi zuen balitekeela bero kolpe baten eraginez hil izana. Osalanen «ikerketak argituko» duela nabarmendu zuen eta, era berean, gehitu zuen lan baldintzek eragin zuzena izaten dutela lan istripuetan.

Langilearen eta enpresaren egoeraren xehetasunak plazaratu zituen sindikatuak eta azaldu zuen Eusetek Gas SL enpresako langilea zela M.G.R. eta Tubacexen Aceralava lantokiko labearen mantentze-lanez arduratzen zela. «Hortaz, tenperatura oso altuetan edo muturrekoetan egiten dute bertan lan, eta ezin dugu ahaztu atzo [asteartean] bero handia egin zuela Amurrion eta eskualdean», arrazoitu zuen LABek. Ezbeharra asteartean gertatu zen, 19.00 aldera, Ertzaintzak ziurtatu legez.

Gogoan izan behar da azken hiru hilabeteetan Tubacexen hil den bigarren langilea dela. Uztailaren 4an kolpe baten eraginez 25 urteko behargina hil zen. «Datu honek agerian uzten ditu Tubacexen hartzen dituzten prebentzio eta lan osasunerako neurriak», egin zuen protesta sindikatu abertzaleak.

CCOOko Lan Osasun saileko arduradun Alfonso Riosek ere ohartarazi zuen altzairu-fabriketan «baldintza zailetan» egiten dela lan, «bero kolpeak eragin ditzaketen tenperatura altuekin», alegia.

Zuzendaritzaren erantzuna

Gometegi enpresako langile ohia zen M.G.R. eta iaz konkurtso prozesu «aski traumatiko bat» izan zuela jakinarazi zuen LABek. Kalean ikusi zuen bere burua, enpresak zor zion guztia jaso gabe eta 50 urte baino gehiago zituela; hau da, «lan merkaturako adin zailarekin».

Azalpen hauek gehitu zituen LABek, bere ustez, horrek guztiak ere eragin zuzena izan dezakeelako langilearen osasunean.

Tubacex enpresari aurpegiratzen dio beroari aurre egiteko neurri eraginkorrik ez edukitzea; izan ere, bero kolpe bat izanda, eragin zuzena edukiko luke eta lan istripu ez-traumatikoa bada ere, «tenperatura baldintzek ere eragin zuzena dute halako istripuetan».

Zuzendaritzak, aldiz, ziurtatu zuen baldintza naturaletan zendu zela behargina, eta ezin dela egiaztatu astearteko «ahulezia» eginiko lanarengatik edo lan baldintzen ondorioz gertatu zela. «Ez zegoen bero-estres egoeran lanean», adierazi zuen.