GARA
BRIGHTON

Brexitaren inguruko desadostasunek baldintzatuko dute laboristen kongresua

Alderdi Laboristaren politika finkatzeko eztabaidak izango dituzte atzo hasi eta bost egun iraungo duen biltzarrean, baina bereziki Brexitari buruzko jarrera bateratua lortu nahi dute.

Legebiltzarrerako hauteskundeak gero eta gertuago daudela, Brexitak eragin dituen desadostasun garrantzitsuei aurre egin behar die Alderdi Laboristak atzo Jeremy Corbyn buruzagiaren gidaritzapean abiatu zen urteroko kongresuan.

Brexitari buruzko bigarren erreferenduma egingo balitz, Corbynek jarrera neutrala hartuko lukeela iradoki zuen aurreko astean. Hala ere, laborismoak Europar Batasunean jarrai dezala defendatzeko kanpaina martxan jarri du aktibista talde batek kongresuan.

Akordiorik gabeko irteeraren aurrean, Corbynek Gobernu laborista batek «zentzuzko irteera-akordio bat» lortuko duela nabarmendu zuen, gero balizko erreferendum baten bitartez bultzatuko lukeena, eta kasu horretan, beste aukera Europar Batasunean gelditzea izango dela iragarri zuen laboristen buruzagiak, betiere bere neutraltasuna azpimarratuz.

Alderdiaren Batzorde Exekutiboarekin izandako bileraren ondoren, Corbynek alderdiaren helburuak herstura ekonomikoari aurre egitea eta herritarrek Brexitaren inguruko «azken hitza» izan dezaten lan egitea direla nabarmendu zuen. «Gure batzarra guztiz bateratuta egongo da tory-en gobernu hau garaitzeko, baita herritarrei ekarritako austeritate eta pobreziari aurre egiteko eta Boris Johnsonek kontuak errendatu behar ez izateko Parlamentua ixteko hartu zuen erabakia garaitzeko ere», adierazi zuen atzo laboristen buruzagiak.

Dena den, Another Europe Is Possible taldeko kide Michael Chessum-ek esan zuenez, helburua ez da Corbyn konbentzitzea, baizik eta «alderdiaren makineria eta azpiegiturek iraunkortasunaren aldeko jarrera argia» har dezaten bultzatzea. «Boto-emaile laboristek badakite Brexita tory-en proiektu bat dela», gaineratu zuen.

Izan ere, Brightongo kongresu honetan Brexitari buruzko 90 mozio baino gehiago aurkeztu dira aurten eta gehienek Europan jarraitzearen aldeko sostengua eskatzea dute helburu. Bihar, erakundearen jarrera definitzeko bozketa egingo dela aurreikusten da.

Guztira, 13.000 lagun gerturatuko dira bost egun iraungo duen eta asteazkenean Corbynen hitzaldiarekin amaituko den ekitaldi honetara.