GARA
NEW YORK

Inoiz erregistratutako beroenak izan dira azken bost urteak, NBEren arabera

Azkenengo bost urteko epean, 2015etik 2019ra, batez besteko tenperatura inoiz baino altuagoa izan dela erregistratu da. Horixe dio gaur New Yorken hasiko den Klimari buruzko Goi-bilerari begira Nazio Batuen Erakundeak aurkeztu duen txostenak.

“United in Science” izenburua duen txosten horretan azpimarratzen denez, nazioarteak klima aldaketa geldiarazteko ezarritako helburuen eta Lurraren benetako egoeraren artean gero eta tarte handiagoa dago.

Izan ere, 2015ean erregistratutako mundu mailako tenperatura industriaurreko arokoa (1850-1900) baino 1,1 gradu zentigradu altuagoa da, eta 0,2 igo da 2011. eta 2015. urteen artean erregistratutako tenperaturekin alderatuz.

Gainera, tenperatura altu horien eraginez itsas izotza murriztu egin da. Horrela, 1979. eta 2018. urteen arteko hamarkada bakoitzean izotzak %12 behera egin duela iragarri du txostenak.

Era berean, itsas mailaren igoera azkartu egin da. 2007-2016 epean, urtero 4 milimetro hazi zen, aurreko hamarkadan erregistratutako 3,04 milimetroen aldean.

Halaber, berotegi-efektua eragiten duten gasak maximo historikoetan daudela dio dokumentuak.