Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren zupadak

Agintean dauden estatuen zentsurak ez dira inoiz izango gizabanakoaren askatasunaren onurarako. Legeak ezarri eta inposatu egiten dituzte, eta, besteak beste, indar zapaltzaileek eta zerbitzura dauzkaten poliziek betearazi behartuta ezarritako arauak. “Delincuencia” abestian La Polla Records taldeak indar zapaltzaileei buruz zera dio: «zuek egiten duzue legea». Hor dago delinkuentziaren hasiera. Eta zapaltzaileak dio «legeak betetzeko daudela, bestela zigorra». 2011n Tabakoaren aurkako Legea indarrean jarri zutenean baino gehiago erretzen da 2019an, %4 igo da kopurua, eta erretzaile kopurua %34koa da. Musika areto pribatuetan kontzertu orduetan erre egiten da, eta asko. Kontzertua hasi bezain laster bistakoak dira lehen zupadak. Ke hari bat eta, segituan, hamaika ke-zutabe. Astebete eman dut gaixo kearen ondorioz. Jendeak barre egiten dit eta melenga naizela esaten didate. Lagun batek barrezka esan zidan erretzaile pasibo izatetik aktibo izatera pasatuko banintz gaitzak desagertuko litzaizkidakeela. Aretoetako arduradunek eskuak garbitzen dituzte, ezin dutela polizia lanik egin eta gaindituta daudela. Barrezka aholku eta konponbidea eman zidan horietako batek: ez etorri kontzertuetara. Hurrengo goizean komunean izugarrizko tabako kiratsa, praka eta gainerako arropei dariena. Kontzertuetara maskara iragazkidunarekin joatea ez da erosoa. Erretzaileen erretzeko eta kea egiteko askatasunak alboko ez erretzaileak bortxatzen ditu. Erretzen ez diren zigarroak dira kerik gabeko ingurugiroaren oinarrietako bat.