Asier AIESTARAN
PILOTA

Altunaren erakustaldia Etxeberria zanpatzeko

Amezketarrak ez du gupidarik izan Tolosan eta, bikain jokatuz, lehen urratsa egin du finalerdietara bidean.

ALTUNA III.A 22

PEIO ETXEBERRIA 5

 

Jokin Altunak sekulako hasiera eman dio 2019ko Lau eta Erdiko Txapelketari. Amezketarrak erakustaldi bikaina eman zuen atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan eta Peio Etxeberriaren gainetik pasa zen, zenoztarrari inolako aukerarik eman gabe.

Azken emaitza, 22-5ekoa, deigarria da, baina partidak 210 pilotakada eta 36 minutuko iraupena izan zuela kontuan izanda –benetako iraupena askoz gutxiago, noski–, une batzuetan are mingarriago izango zela pentsatzera ere iritsi ziren Beotibarren bildutako 535 ikusleak.

Lehen sakea Altunari egokitu zitzaion, eta amezketarra 8-0 aurreratu zen markagailuan aitaren batean. Txapa gainean moztuak, zabalera irekiak, txokoan bikain utziak... ederrak izan ziren Jokinen tantorik gehienak, eta lehen partzial horretan pilota bakarra galdu zuen Etxeberriak.

Saketik egindako pasa batek eman zion lehen tantoa nafarrari, eta hil ala bizi sakeari zukua atera beharra zeukan Peiok. Baina ezkerrez galdutako pilota batek berriz ere jokoaren ekimena Altunari eman zion, eta bederatzi tantoko beste partzial bat iritsi zen aurrelari gipuzkoarraren alde, 17-11koa lortzeko.

Etxeberriaren ezina

Lehen zatian ezinean baina zuzen aritu zen Etxeberria hutsak pilatzen hasi zen bigarren erdi horretan, aurkariari tantoa nola sartu asmatu ezinik. Arriskatu beharra zeukan, baina saiatu zen horietan ez zuen batere asmatu eta atsedenak eskatzeak ere ez zeukan zentzu askorik.

Bigarren tantoa, adibidez, Altunaren huts batean lortu zuen, eta hirugarrena sakez. Laugarrena ere Jokinen akats batean iritsi zen eta bosgarrena bai, bosgarrena txapa gainean moztutako pilotakada bati esker. 19-5eko hori izan zuen Peiok jokoan egindako tanto bakarra. Hala ere, amezketarrak ez zuen gehiago barkatu eta azkar itxi zuen neurketa, 20-5ekoa jokaldi eder batekin eginez eta azken 22-5ekoa zuzenean sakez.

Gauzak horrela, Altunak urrats polita egin du finalerdietarako bidean, eta bigarrena datorren igandean egin dezake Erik Jakaren aurka Eibarren. Peio Etxeberriak, aldiz, Tolosakoa azkar ahaztu beharra dauka eta larunbatean Logroñon Victorren aurka jokatuko duen partida prestatzen hasi.

Beste multzoko neurketak ere zehaztu dituzte enpresek: Bengoetxea VI.a eta Artola ostiral arratsean neurtuko dira Gernikan, eta Ezkurdia eta Laso larunbatean, Bilbon.

Ea bigarren jardunaldi horrek aurrenekoak baino (22-14, 22-9, 22-8 eta 22-5) partida orekatuagoak eskaintzen dituen.