GARA
DONOSTIA

Botere judiziala tresna politiko gisa erabili dela salatu du EH Bilduk

Kataluniako lider independentistak ia 100 urteko espetxe zigorrera kondenatu dituen epaia 78ko Erregimenak pairatzen duen «krisi politiko, ekonomiko eta lurralde arlokoari autoritarismoaren bidez erantzuteko» erabakiaren logikaren barruan ulertu behar dela adierazi zuten atzo Mertxe Aizpurua eta Adolfo Araizek Donostian egindako agerraldian, EH Bilduren Mahai Politikoaren izenean. Altsasuko gazteen auziak ere hori erakusten duela esan zuten.

Estatuko botereek «kontrarreforma» bat martxan jarri dutela ohartarazi zuten, eta horretarako honako estrategiak baliatzen ari direla: «Askatasunen murrizketa, gure eskubide nazional eta sozialen urraketa, printzipio demokratikoekiko mespretxua, eta gure nahi nazional, errepublikar, subiranista eta progresistak erreprimitzeko mehatxua eta bortxa etengabe erabiltzea».

Autodeterminazioa

«Epai hau dugu Estatuak, botere judiziala tresna politiko huts gisa hartuta, gure herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen dugunontzat ezarritako prezioaren gailurra. Horixe da Estatu honen erantzuna: gerra ekonomikoa, 155a eta espetxea», adierazi zuten.

Estatu espainolaren «autoritarismo eta errepresioaren» aurrean, baina, Euskal Herriak «berandu baino lehen» bere etorkizun politikoa modu libre eta baketsuan erabaki dezan lan egiteko hautua berretsi zuen EH Bilduk, eta gogor arbuiatu zuen Estatu espainola ez dela gai «arazoa termino demokratikoetan konpontzeko, Estatuaren plurinazionaltasuna errespetatzeko», ezta estatuko herriekin «aurrez aurre jartzeko» ere. Halaber, balio errepublikano, subiranista eta ezkertiarrekin duen konpromisoa adierazi zuen.