GARA
MADRIl

Gaur iritsiko da Madrilera pentsiodunen zutabea

Pentsiodunek osatutako «iparraldeko zutabea» Madrilera iritsiko da gaur, eta Hego Euskal Herrian elkarretaratzeak egin zituzten atzo kideekin bat egin eta 1.080 euroko pentsio minimoak aldarrikatzeko.

Atzo, irailaren 23an abiatutako pentsiodunen martxa Madrilera iritsiko den egunaren bezperan, pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan elkarretaratzeak egin zituzten, martxan diren kideei elkartasuna adierazi eta jada betikotu diren aldarrikapenak gogorarazteko.

Gaur 18.00 aldera iritsiko da Madrilera orain hiru aste Bilbotik abiatutako pentsiodunen taldea, bidean “iparraldeko zutabeari” batu zitzaizkien beste erretiratuekin batera. Madrilen elkartuko dira “hegoaldeko zutabearekin”, Andaluziako Rotatik abiatu zirenekin.

Han, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIarekin lotutako igoera eskatuko dute bihar, Pentsioen Sistema Publikoaren Defentsarako Estatuko Koordinadorak deitutako manifestazioan. Puerta del Soletik abiatuko dira, 11.00etan, eta Espainiako Kongresuaren parean egingo duten elkarretaratzearekin amaituko dute protesta. Bitartean, Hego Euskal Herrian elkarretaratzeak egin zituzten atzo, beste astelehen batez.

Udazken beroa

Andrea Uña Bizkaiko pentsiodunen bozeramaileak Bilboko protestan nabarmendu zuen pentsioen auzia «borondate politiko» kontua dela; horregatik, martxan ari direnek «politikarien kontzientzia mugituko duten» esperantza agertu zuen.

Pentsiodunen plataformek jakinarazi zuten, halaber, Madrilen ez ezik Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere egingo dituztela mobilizazioak, «udazken bero» bat bultzatzeko aldarrikapenei dagokienez, eta azaroaren 10eko hauteskunde orokorrei begira.