16/10/2019

Iñaki Idigoras Igartua
Buruz ere, beste
«Beste», «ere», «separatista», «bagoaz», eta antzekoz beteriko hamaika esaldi eta topikok adierazten digute erreferentzia ez daukagula geuregan, gure menperatzaileengan baino. Euren ikuspuntutik hitz egiten dugu

Gogoan ditut Goenaga zenaren Ikastolako klaseak. Fisika arazoak konpontzen hasi aurretik, erreferentzia puntu egokia aukeratzearen garrantzia azpimarratzen zigun klarionez arbel berdean. Erreferentziari arretarik eskaini gabe, errealitatea oker interpretatzeko arriskua baitugu.

Frantziapean daudenek Pirinioetara begira dituzte etxeetako leihoak. Espainiapekooi ez digu, baina, erreferentzia horrek balio, argia maite badugu bederen. Leihoen arazoa konpontzeko, erreferentzia egokia eguzkia da, argi iturri bera izanda. Pirinioei bizkar emango diete Pirinioez azpiko etxeek. Eguzkiak leihoak –eta eguzki plakak– berari zuzenduta ikusiko ditu.

Zein ikuspuntutatik konpontzen ditugu bizitzan sortzen dizkiguten eta sortzen ditugun arazoak? Neuretik? Zeuretik? Geuretik? Haienetik? Konpontzen al ditugu, zinez? Ai ene… nago sarri haienetik konpontzen saiatzen garela, aieneka entzuten baititut barruak, sufrimenduz.

Fisikatik psikologiara egin dugu salto, gorputzez baino, gogoz ari garelarik. Euskaldunok, non dugu erreferentzia puntua? Ohiko ditugun lelo gutxi batzuei arreta ipini, eta ia ezer ondorioztatzerik daukagun.

Kooperatibetan, adibidez, «Giza ‘baliabidea’» terminoa erabiltzean… norentzat dira “baliabide” enpresako jabe direnak?

Kooperatiba mundutik atera gabe, geure kutxak zera dio marketinean: «Bada ‘beste’ modu bat», “bere/geure” izaera azpimarratzeko, “beste” erabiliz. Badirudi leloa ez dugula geuk esaten, arrotz batek baino, zeren eta arrotz horrek jada badu ‘bere’ modua; gurea, “beste”.

Etxe berean, «Euskaraz ‘ere’, naturaltasunez» leloa irakurri dut bulegoko mahai gainean. “Ere” horren itzalean, baina, espainola entzuten eta irakurtzen dut. Euskaraz, ez beti. Aukerakoa baita, “ere” horrek garbiro erakusten digun bezala. Irudikatzen horrelakorik espainol ala frantsesez?

Abertzaleok, «separatista» omen. Gu, separatistak, zazpitan zatikatuak batu beharrean garenean? Haiendako izango gara separatista.

Bildu nahi omen gaituen alderdia, «bagoaz»! lemarekin. Nora, baina, hemengoak gara eta? Madrileko kongresura? Nork joan behar du nondik? Gure lurra hau da.

«Beste», «ere», «separatista», «bagoaz», eta antzekoz beteriko hamaika esaldi eta topikok adierazten digute erreferentzia ez daukagula geuregan, gure menperatzaileengan baino. Euren ikuspuntutik hitz egiten dugu. Eurak garelako, mentalki. Geure buruaren menperatzaile. Eguzkitzat dauzkagu arrotzak, eta haiei so itsututa gabiltza, eguzki minez.

Anarik dioen bezala, buruaz beste… buruaz beste bat egin beharrean gara.

Erreferentzia puntua aldatu. Nortasuna dugu geure arazoak konpontzeko erreferentzia punturik aproposena. Geuretik sentitu, geuk pentsatu, eta geuretzako egiteko.