Martxel Toledo Garmendia
KOLABORAZIOA

Euskadi Muriasen desagerpena. Galera handia

Hedabideetan azaldu diren informazioetatik haratago, ez daukat besterik gertatutakoa jakiteko, alegia, desagerpenaren benetako arrazoi sendoak ulertzeko. Ez da erraza ulertzen. Baina tamalez gertatu da eta orain ondorioztatu daitekeena da, nazio ikuspegitik zein kirol arlotik begiratu, galera honekin guztiok galtzen ateratzen garela eta, beraz, erraza izango ez den arren ahalik eta azkarren guztion artean egoera berri honi soluzioa bilatu behar zaiola.

Azken aro berriari erreparatuz eta kirol arloari dagokionez, jakina da Euskaltel Euskadi taldeak hainbat urte eman dituela maila gorenean lehiatzen eta ikusi baino ez dago, batik bat Tourrean, uholde laranja bezala ia mundu osoan ezagutzen zenak gure herriarekiko sortzen zuen enpatia eta zaletasuna. Ezin hobea zen euskal zaleen artean sortzen zuen giroa eta ikaragarria, mugitzen zuen jendetza. Aldarrikapena zen aitortza, Euskal Herria bihotza. Baloreak eta koloreak elkartuta, irriak eta oihuak nonahi, ikurrak ere bai. Ikusgarria, ahaztezina batetik eta eskertzekoa bestetik.

Euskadi Murias txirrindulari taldea, Jon Odriozola txirrindulari profesional ohiaren eskutik, besteak beste, ilusio hori berreskuratzeko jaio zen 2013an. Harrobia landuz goi mailako euskal txirrindularitza sustatu eta munduko proba edo lehia garrantzitsuenetan, besteak beste Frantziako itzulian, geure baloreak defendituz euskal selekzio gisa aritzea. Eta, hain zuzen, helburu hori lortzeko, taldea indartu eta proiektua sendotzeko asmotan Euskadi Fundazioari elkarlanean aritzeko eskaintza udara aurretik luzatu arren, ezin izan du tamalez bere ibilbidean aurrera jarraitu taldeak ofizialki orain egun batzuk hedabideetan jakinarazi duen bezala.

Eta orain zer? Hori da galdera. Eta azkarra ere erantzuna. Akatsetatik ikasi eta aurrera egin, herri hau ezin delako atzera begira gelditu. Ez dut zalantzarik, Euskaltel Euskadi desagertu zenean bezala, orain, Euskadi Muriasen desagerpenarekin, euskal txirrindularitzari, bere etorkizunari zein aldarrikapenari begira ate garrantzitsu bat ixten dela eta horregatik ahalik eta azkarren beste ate bat irekitzea komenigarria dela. Eta ez dut zalantzarik ere ate hori profesional mailan Mikel Landa txirrindulari profesionalak babesten duen Euskadi txirrindularitza Fundazioa izan daitekeela, baldin eta proiektu berriak guztion aldetik behar duen babesa eta laguntza jasotzen badu, alegia, bera sostengatzen duen mahaiaren lau hankak indartu eta bere potentzialitatean sinesten bada. Eta horretan, inbertsio pribatuak eta publikoak lortzeaz gain, euskal zaleen babesa eta laguntza ezinbestekoa dela iruditzen zait. Baina, horretarako, uste dut EAEko instituzioen jarrerak politikoki zein ekonomikoki benetakoa eta ausartagoa izan behar duela, zeren bestela, orain Euskadi Muriasi eta aurretik Euskaltel Euskadiri gertatutakoa Euskadi Fundazio talde berriarekin erreplikatzeko arriskua egon daiteke. Espero dut ez gertatzea, zeren hori goi mailako euskal txirrindularitzaren betirako heriotza izango litzateke.

Etsipena alboratuta, nire esker ona Jon Odriozola managerrari eta taldeko txirrindulariei, Esait-ek ofizialtasunaren bidean egindako urrats xumeak babesteko garaian beraien babesa izan dugulako.

Herri honek badaki aurrera egiten eta seguru nago oraingoan ere horrela egingo duela. Merezi du eta. Gora euskal txirrindularitza!