GARA
IRUÑEA

Antzerki Aroa abian da Iruñean

Rubik konpainiaren antzezlanarekin abiatu da Iruñeko Antzerki Aroa zikloa, gazteei eta helduei zuzendutako udal kultur egitasmoa.

“Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzezlana taularatu zuten joan den ostegunean, antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakontzeko asmoz sortutako ikuskizuna, non mugimenduaren eta antzerkiaren poetika jorratzen den.

Rubik Teatre konpainiaz gain, beste hainbat protagonista izango dira: Vaiven ekoizpenak (“Erlauntza”), Artedrama-Axut-Dejabu Panpin Laborategia (“Zaldi urdina”), Hika Teatroa (“Txarriboda”) eta Atx Teatroa (“7ak bat”) arituko dira Iruñeko zikloan. Antzerkizaleek izango dute, beraz, zer ikusi datozen asteotan Iruñean.

Antzerki Aroa zikloaren barnean antolatutako emanaldiak urriaren 17tik abenduaren 11ra bitartean luzatuko dira Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre antzokian eta Iturramako Civivoxen (antzezlan guztiak 20.00etan izango dira, eta sarrerek 8 euro balioko dute).