GARA
DONOSTIA

«Aita Mari» Mediterraneora abiatu da laguntzarekin, trabak gaindituta

Zailtasun guztiak gaindituta, «Aita Mari» itsasontzia Pasaiatik abiatu da Mediterraneoa helburu duela. Zamategian, zortzi tona laguntza humanitarioan: mantak, zapatak eta higiene eta osasun produktuak. Dena ondo bidean, bi-hiru asteren buruan ailegatuko dira Lesbosera. Bertan egoera «oso larria» da. Milaka lagun daude babesik gabe.

Zailtasunak izan dituzte, asko, oztopo burokratikoak. Hilabeteak esperoan, argi berdea emango zien seinalearen zain. Eguraldia ere ez dute lagun izan eta orain egun batzuk irteteko azken saiakera atzeratu egin behar izan zuten Finisterre inguruko urak baretu arte. Hori guztia gaindituta, baina, “Aita Mari” itsasontzia atzo goizean abiatu zen Pasaiako portutik Mediterraneora. Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak misio humanitario berria abiatu du beraz, hamaika pertsonaz osatutako lantaldearekin.

Goizeko 10.30ak eman gabe zirela egin zituen lehen metroak antzina atunontzia zen barkuak. Gaur egun, bere funtzioak guztiz eraldatuta, Mediterraneoko migrazioaren krisi humanitarioan laguntza eskaintzen du. Hala, zortzi tona daramatza “Aita Mari”-k zamategian. Bereziki, higiene pertsonalerako produktuak, osasun produktuak, mantak, arropak eta zapatak, adierazi zutenez.

Iñigo Mijangos eta Iñigo Gutierrez SMHko ordezkariek hedabideei jakinarazi zietenaren arabera, «kezkatuta» daude gaur-gaurkoz Mediterraneo itsasoko egoera «oso konplexua» delako; gainera, «are gehiago» zailduko dela erantsi zuten. Nolanahi ere, eta arriskuak arrisku, gogotsu agertu ziren itsasontziaren irteeragatik, «bere lanari» berandu baino lehen ekin ahal izateko.

Irteera unea aprobetxatu nahi izan zuten hilabete hauetan jaso duten berotasuna eta laguntza eskertzeko. «Horrek egin du posible proiektu hau eta lanean jarraitu ahal izatea». Esker hitzak, halaber, “Aita Mari” atunontzia zena laguntza humanitariorako balio duen itsasontzi bihurtzeko eraldaketa lanetan parte hartu duten guztientzat.

Egoera oso larria

Beren kalkuluen arabera, bost egunen buruan Gibraltarreko itsasartetik pasako dira eta hamar egun beharko dituzte Siziliara ailegatzeko. Asmoa da ibilbidea geldialdirik gabe egitea itsasoaren beraren egoerak ahalbidetzen duen heinean. Sizilian bertan erregaia hartzeko bakarrik gelditu eta bideari berriro ekingo diote, beste lau egunen buruan Lesbosera iristeko.

Bertan entregatuko dute laguntza humanitarioa, batez ere oinetakoak eta arropa sendo eta beroak, negua Greziako irletan pasako duten pertsonak babesteko.

Miganjosek nabarmendu zuenez, horrelako ekimenak ezinbestekoak dira «ezin dugulako jendea itsasoan abandonaturik utzi, ezta mugetan ere», zehaztu zuen. «Mundu batean bizi gara, mundua bakarra da. Guztiok gara gizakiak eta ezin dugu harresirik eraiki», defendatu zuen.

Egoera Lesbos eta Kios irletan «oso larria» da. Ia 5.000 pertsona daude bertan eta ez dute ezertxo ere, soinean dutena besterik ez. Non babestu ere ez dute eta negua ate joka dago.

SMH: «No vamos a dejar a nadie en abandonado en el mar»

Han sido meses de larga espera e incertidumbre, pero finalmente el buque Aita Mari ha zarpado, aunque lo ha hecho sin que Madrid le haya dado el permiso para realizar operaciones de vigía y rescate de personas. No obstante, antes de zarpar, los responsables de Salvamento Marítimo Humanitario advirtieron de que «el barco está más que preparado para el rescate y las normas internacionales marcan que no se puede abandonar a nadie en el mar. Y vamos a cumplir con eso». GARA