Maider IANTZI GOIENETXE
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

LABURU GARAILE, PUNTUETAN ALDE HANDIZ

MUGAK GAINDITZERA ETORRI ZEN AGIN LABURU IRUNERA, ETA GUSTURA EGOTEKO MODUAN DA, BEREA IZAN BAITZEN LEHENENGO POSTUA ETA, BERAZ, FINALERDIETAN KANTATZEKO TXARTELA. BEñAT LIZASO ETA HARITZ MUJIKA IZAN ZIREN HURRENGOAK.

Honela gelditu zen sailkapena Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean, Irungo Amaia antzoki betean jokatu zen saioan. Lehen lekuan, 495 punturekin, Agin Laburu; ondotik, kasik 40 puntu gutxiagorekin, 455,5ekin, Beñat Lizaso; berarekin berdinduta, Haritz Mujika; 451,5ekin, Unai Gaztelumendi; 445,5ekin, Iñigo Izagirre; eta 425,5ekin, Maider Arregi. Puntuetan azken eginagatik, kartzelan bertsoak pentsatzeko hartutako denboragatik besteak beste, oñatiarraren lana nabarmendu nahiko genuke.

Mugak gainditzera etorri zen Agin Laburu Astigarragatik Irunera, eta xedea bete zuen. Adibidez, Arregirekin batera ederki aritu zen 80 urteko pertsona baten paperean. Urteak dira elizatik aldendu zirela. Gaur konfesatzera joatea proposatu dio Maiderrek Agini.

«Guk nahi degun guztia esan dezakegu/ adin honek gaur egun Maider horixe du/ nahi deguna eginez guk 80 negu/ usteko dezu baino ez gaude gazte gu/ ta penitentzirako denborik ez degu», bota zuen Aginek.

Lizaso eta Mujika

Beñat Lizaso eta Haritz Mujika izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, puntuetan berdinduta, Aginengandik koska handi batera. Fin ibili ziren biak.

Lizaso erregular ibili zen. Errate baterako, seiko motzean, Unai Gaztelumendirekin aritu zen. Bi anaia dira. Gurasoak bananduta daude. Zeinek opari hobea egin ari zaizkie azken boladan. Hona Beñaten lehena: «Ez delako gauz berdina/ orain arte eragina/ aitak ta amak opariekin zer nolako grina/ nahiz ta egin den haundina/ ez al da gauza jakina/ opariekin ez da estaltzen emandako mina».

Mujikaren bertso bat hautatzekotan, ariketa berean Labururekin abestutako lehen bertsoa idatziko genuke, amak sare sozialetan kontua irekitzeko laguntza eskatu ondotik: «Etxeko andre izana/ bere gain zeuzkan bi zama/ orain kolpetik aldatu zaigu ta ze panorama/ facebooka ta instagrama egin nahi omen du dana/ eskutatikan ziharo joaten ari zaigu ama».

Unai Gaztelumendi, Iñigo Izagirre eta Maider Arregi izan ziren hurrengoak puntuen sailkapenean. Lan ona egin zuten hirurek. Zortziko txikian, Maider eta Unai bizilagunen paperean aritu ziren, umoretsu, ederki. Maider parrandatik etxera goizean itzuli eta giltza galdu duela ohartu da. Leihotik sartzeko asmotan eskalatzen hasi denean, Unai leihora atera da. Unai: «Eskua ematea nere arrazoia/ parrandatikan bueltan hori da sasoia/ laugarrengo pisuan hor jo dezu goia/ jo neska hartu dezu kriston subidoia». Maiderren erantzuna: «Nahiko arraro nabil ta enabil arrunt/ gure etxeko paretan gorputzak daukat zut/ subidoia dudala bota didazu zuk/ bajoia ez etortzea hori espero dut».

Iñigok lan aparta egin zuen seiko motzean Maiderrekin, 24 ordu gelditu gabe daramaten larrialdietako bi medikuren larruan. Arregiren kartzelako hirugarren bertsoa, gordetzeko modukoa, kirofano atarian damutu eta alde egiten duenaren ahotsetik abestua: «Konplejuak ditugu bai nik eta bai zuk/ eta gainera ez bat baizik eta batzuk/ ni honaino heldu naiz konpleju hoien truk/ baina jada banoa argi esango dizut/ nahiz eta ez ditudan bi titi haundi zut/ bizitzen segi nahi dut ondo eta arrunt/ nere burua onartzen ikasi behar dut».