Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

«Leo», bere burua lehoitzat duen katua

Mikel Gurrutxagaren testuak eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioak erabat uztartu dira «Leo, sabanako errege» (Elkar) albumean. Horregatik da albuma, eta ez liburu ilustratua. Bi hizkuntzak (irudia eta letrak) bakarra bilakatzen direlako. Sinbiosia. Protagonista «Leo» katua da. Bere burua lehoitzat du, eta etxea da bere ustezko erreinua. Ez da, ordea, jaun eta jabe, eta lehiakide bat ere izango du. Haurrak eta animaliak etxe berean... ez da beti gauza erraza izaten.

Anai-arrebak dira Mikel eta Maite Gurrutxaga. Lehena idazten da trebea, bigarrena marrazten. Sinbiosi perfektua da; izan ere, testua eta irudiak, irudiak eta testua, bete-betean uztartu dituzte “Leo, sabanako errege” albumean. Ez da liburu bat, ezta liburu ilustratu bat ere, «albuma» baizik, bi elementu horiek erabat bat egiten dutelako.

«Ohitura dut Maiteri noiz edo noiz zertan ari den galdetzeko, horri ondo egokituko zaion testu bat sortzeko», azaldu du Mikel Gurrutxagak. Ume bat biberoi batetik esnea edaten, alboan katua bere pototik, gauza bera egiten. Haurrak, azkenean, berea utzi eta pototik edaten bukatzen du. Marrazki sekuentzia hori zerabilen esku artean Maitek. «Irudi horietatik tiraka-tiraka sortu dugu albuma, bertan istorio bat bazegoela uste nuen. Proposamen bezala bota nion: ‘katu handiuste bati etxean haur bat sartuz gero, zer uste duzu gertatu zitekeela?’», galdegin zion arrebak anaiari.

“Leo” da protagonista, etxe batean eroso eta goxo bizi den katua. Bere burua, ordea, lehoitzat du. Telebista piztuta dago eta bertan ageri den lehoiaren bizimodua eta izaera barneratu ditu, hainbesteraino, horietako bat dela sinisten baitu. «Katua ikusiko dugu etxetik mugitzen, baina telebistako ahotsa iritsiko zaigu, Afrikan gertatzen den lehoi baten istorioaren berri emanez. Hortik aurrera sustoren bat ere gertatzen da», aurreratzen dute.

Bi istorioak (telebistan agertzen dena eta etxean gertatzen dena) ondo uztartzea lortu dute buelta asko emanda. «Oso ariketa garrantzitsua» izan dela kontatu dute egileek, bi istorio dira, bata irakurtzen dena eta bestea ikusten dena. «Leku desberdinetatik datoz; beraz, hori nola uztartu istorio bakarra kontatzeko?», galdegin du ilustratzaileak. Horra gakoa eta asmo nagusia.

Nortasun bikoitza

Buruhauste batzuk eman dizkie erronka horrek, onartu dutenez. Lehenengo gauza, katuaren nortasuna definitzea izan zen. Izaera misteriotsua badu, etxekotutako animaliengandik hain ezberdina den zerbait badu “Leo”-k. Bi aurpegi ditu: basatia alde batetik, eta honek ez dio uzten gure esanetara erabat makurtzen, baina otzana, lasaia aldi berean «etxean eroso eta goxo» bizi delako. Horrek kontraesanik ez dio sortuko, ordea, “Leo” protagonistari, bera konbentzituta dagoelako sabanan bizi dela. Bere ustea da sabanako erregea dela, hau da, etxeko erregea. «Telebistan entzuten dugu lehoiak jatekoa nahi adina duela, erregea delako, eta beti lortzen duela sabanan jatekoa, baina ikusten dugu nola ematen ari zaien jatena, pentsuaren kutxan burua sartuta. Katu horrek uste du hori merezi duela, baina ikusiko dugu katu mimatua dela azken batean. Hori izan da jolasa», zehaztu du ilustratzaileak.

Abiapuntua izan ziren marrazki haietan bezala, albumean ere badago haur bat. Katua eta haurra etxe berean. Dudarik gabe, honek gatazka sortuko du. Denak eztanda egiteko arrazoia da alboan duen ninia, akzioa hortxe hasten da, familiara kide berria ailegatzen denean.

Emaitza oso bisuala da, erakargarria. Horia, gorria, ubel-urdina… Ilustrazio biziak formatu erosoan. Begirada kolpe bakarraz harrapatzen da begi aurrean irekitzen den orrialdea. «Albuma tipula bezalakoa da, geruzak eta geruzak ditu, helduak ideia batzuk aterako ditu, haurra beste gauza batzuez ohartuko da…». Publiko guztientzat aproposa dela diote, izan ere, sortze prozesuan bete-betean murgilduta zeudela, zeinentzat zen ere ez zuten pentsatu. Horrek emaitza bera ez zuelako aldatzen.