GARA
AZPEITIA

Street art-a eta bizikleta uztartuz aurrera doa «Nomadak»

“Nomadak” egonaldi artistiko nomada bizikletaz ari dira egiten, Bergara eta Lizarra batzen zituen asco-Navarro trenaren bidean, hain zuzen ere. Bisitatuko dituzten herrietan aztarna artistikoa utziko dute; hala, ekintza guztiak espazio publikoan egingo dira.

Joan den ostiralean abiatu zen Euskal Herritik jira eta bira arituko den “Nomadak-El trenico” egitasmoa, baita bertan parte hartuko duen artista taldea ere. Sorkuntza eta kultur kudeaketaren bitartez, «memoria berreskuratzeko xedea dauka proiektuak, Vasco-Navarro delako trenbideen historia orainarekin elkartzekoa, Bide Berdearen bidez», nabarmendu du Iñaki Landa proiektuko koordinatzaileak.

Horretarako, historia eta gaurkotasuna lotuko dira, hainbat eremutako proposamen artistikoen –indibidual zein kolektibo– arteko lankidetzaren eta hibridazioaren bidez. Ekintza artistikotik abiatuta, gizartearekin harremanak edukitzeko formula berriak eratu nahi dituzte. Horretarako tresnak izango dira artistak eta beren lanak. «Egonaldi artistikoko proiektua da, bizikletan eta bidean eratzen dena. Azpeitiko Dinamon aurkeztu, Burdinbidearen Euskal Museoan hasi, eta Iruñean amaituko da, dozenaka udalerritatik igaro eta horietako batzuetan artistikoki esku hartu eta gero», zehaztu zuten antolatzaileek.

«Street art adierazpenen bidez burdinbidearen bestelako historia bat kontatu nahi dugu, gaurkotua, eguneratua, garaikidea», erantsi zuten. Herrialde ezberdinetako zazpi artistak hartuko dute parte egonaldi artistiko nomada honetan: Jens Besser alemaniarra, Veronica Seron Bronik perutarra, Belen Robeda, Tomas Facio eta Esteban Loeschbor argentinarrak, Yone Estivariz gasteiztarra eta Elisa Battiston italiarra. Hauek denak Euskal Herriko zenbait artistarekin arituko dira lanean, tartean Irantzu Lekue arabarrarekin edo Sor2 bergararrarekin. Iruñean amaituko da azaroaren 21ean.