Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Itzulera

Itzuliko zarela zin egin diozu eta paper zimurtu batean bildutako lorik gabeko gaua utzi duzu bere ondoan. Atea itxi bezain pronto ohartu zara atzean utzitako kafe usaina bezainbeste maite duzula promesa egin diozun gitarra zahar hori. Otu zaizu arraro samarra dela etxeko atarian nostalgia antzekoa sentitzea eta segidan hasi zara ahapeka kantuan, barrenak lasaitu nahian.

«Yo pisaré las calles nuevamente...». Bost hitz lapurtuko dizkiozu historiari, gaur jendetzak hartutako plazaren argazki oin gisa. Memoriarik gabe nahi zintuztelako, melodiak ere preso eraman zituzten, baina ezin izan dute gelditu noten matxinada, ezin izan dute zuon memoria ezabatu. «Retornarán los libros, las canciones…»

Liburu batean topatu zenuen osabaren paper zimurtua. Pentagrama bat, lau akorde eta bukatu gabeko bertsoen zirriborroa. Zu zauden plazan bertan apurtu zitzaion gitarraren soka, bere azken hasperena iragarriz. Bukatu gabeko estrofak osatzera atera zara eta, ikaratuta bada ere, osaba hil zuten militarren ondorengoen parean jarri zara. Etxera itzultzeko promesari tiro egin diezaioketen horien aurrean zaude, ausardia nondik atera duzun jakin gabe. Jakin gabe ere, militarren aurrean zauden une horretan, gitarra baten melodia entzuten ari dela Intsumisio plaza izena daraman munduaren bestaldeko txoko batean. «Me detendré a llorar por los ausentes...»