Amalur ARTOLA
IRUÑEA
Interview
MIKEL VILCHES
ITZULTZAILEA

«Liburu hau mila ate dituen etxe bat da»

Eduardo Galeano (1949-2015) idazle uruguaitarraren «Mujeres» bildumaren irakurketak ate berriak zabaldu zizkiola kontatu digu Mikel Vilchesek. Historiaren ertzetara baztertuak izan diren emakumeen balentriak lehen aldiz irakurtzeaz batera, historia horietan sakondu eta irakurketa berrietarako amua ere izan da liburua beretzat. Horregatik ekarri du euskarara: «Emakumeak» (Txalaparta) da emaitza.

Narrazio bakoitzarekin ate bat zabaltzen du Eduardo Galeanok, errealitate berri batera garamatzana, sabelaldea uzkurrarazi eta, ustekabean, gogoetara lotzen gaituena. “Emakumeak” bilduman, ate horiek Rosa Luxemburg, Marie Curie, Frida Kahloren eta dozenaka emakume anonimoren larrura garamatzate, haiek bizi izan zutena bizi izan zuten bezala jasotzeko. Idazle uruguaitarrak hil hurren zela apailatutako bilduma hau Mikel Vilches itzultzaileak ekarri du euskarara, eta Txalapartak eman dio argia.

Bere bizitzako azken hilabeteetan apailatu zuen Eduardo Galeanok «Emakumeak» antologia. Zein izan zen abiapuntua?

Eduardo Galeanok bere bizitza osoan zehar emakumeei buruz idatzitako artikuluen bilduma moduko bat da. Galeano hil eta bi astera argitaratu zen eta batzuek pentsa dezakete presaka eta korrika egindako bilduma komertzial bat dela, baina ez da hala: bere bizitzako azkeneko urteetan nahita eta xehetasun handiz aukeratutako artikuluen bilduma bat da, baina nahiago izan zuen bera hil ondoren argitaratzea. Bazekien eri zegoela.

Liburuan 170 artikulu biltzen dira eta denetariko kontakizunak dira, gehienak atal labur-laburrak, orrialde betekoak edo bikoak, eta mundu osoko eta garai ezberdinetako emakumeen balentriak daude bertan.

170 artikulu asko da: Galeanok emakumezkoei zien begirunea ikusten da hor.

Jakina. Galeano oso gizon konprometitua zen eta, besteak beste, bere idatzietan emakumearen aldeko borroka ere jaso zuen. Patriarkatuaren kontrako jarreraz ere idatzi asko ditu, eta homosexualitatearen eta lesbianismoaren diskriminazioaren kontra ere nabarmen agertu zen idatzi askotan.

Ez dira emakume anonimoak; Rosa Luxemburg, Marie Curie eta Frida Kahlo aipatzen dira, esaterako. Historia liburuetan agertzen ez diren eta orain berreskuratzen ari diren emakumeen historiak dira. Bere alea jarri nahi zuen?

Seguruenik bai. Seguruenik hori izango zen liburu honen helburu nagusietako bat. Denok ezagutzen ditugun hainbat emakumeren bizipenak aurkituko ditugu liburuan, aipatu dituzunez gain, Eva Peron, Isadora Duncan, Mata Hari, Rigoberta Menchu, Marylin Monroe bera, Kleopatra erregina... halako emakume ezagunen bizipenak dira, baina horiez gainera, mundu osoko hainbat emakume anonimoren mikroistorioak ere badaude. Nahasita daude emakume ezagunen eta nabarmendu nahi izan zituen emakume ezezagunen istorioak.

Biografiak, pasarteak, fikzioa... zein forma hartzen dute kontakizunok?

Oro har hiru idazki mota daude. Batzuk pertsonaia historikoen biografia labur-laburrak dira, beste batzuk emakume baten edo batzuen bizipen konkretuen kontakizunak dira eta, azkenik, badira atal batzuk lirikoagoak direnak, baina betiere emakumearen figura dutenak oinarri.

Hainbeste kontakizunen artean egongo zen atentzioa eman dizun kasurik.

Asko eta asko. Hori izan da liburu honetatik atera dudan gauzarik interesgarriena: emakume eta gertakari historiko asko ezagutzeko aukera izan dudala. Irakurtzen edo euskaratzen nindoala, interesa sortu eta internetera jo eta gertaera edo emakume baten bizitzan sakontzeko aukera eman dit, eta baita aipatzen zuen idazleren baten libururen bat irakurtzeko ere. Adibidez, hori gertatu zitzaidan Fatima Mernissirekin. Nik ez nuen ezagutzen. Marokoko idazle feminista konprometitu bat da, Galeanok liburu honetan aipatzen du eta “Dreams of Trespass: Tales of a Harem Girlhood” irakurtzera eraman ninduen.

Liburu hau mila ate dituen etxe bat da; nondik hartzen duzun, aukera ematen dizu gauza pila bat ikertzeko, ikasteko eta ezagutzeko.

Galeanok amaieran jarri ohi du indarra, ironia erabili edota esaldi borobilak josten ditu irakurlea hausnarketara bideratzeko. Bilduma hau ere hausnarketarako gonbita da?

Bai. Hain zuzen ere, uste dut hori dela Galeanoren estiloaren ezaugarri nagusietako bat. Askotan, kontakizunaren bukaeran halako esaldi erabateko eta sendo bat botatzen du, eta uste dut helburua dela irakurlea asaldatu eta pentsakor uztea hurrengo atalera pasa baino lehen. Edo ironia edo paradoxa modukoak egiten ditu bukaeran, hurrengo atalera pasa baino lehen hausnarketa egitera bultzatzeko. Alde horretatik, liburua oso-osorik irakur daiteke tirada batean, baina nik patxadaz irakurtzeko atalak direla esango nuke.

Itzulpenari dagokionez, erraz joan da ala korapilorik askatu beharra izan duzu?

Ba, asko ez, baina neurri batean nik aukeratutako itzulpena izan delako. Duela hiru urte irakurri nuen, gustatu zitzaidan eta euskaraz emateko aukera polita izan zitekeela ikusi nuen. Duela urtebete hasi nintzen euskaratzen, presarik gabe, eta itzulpena nahiko aurreratua nuenean jarri nintzen harremanetan Txalapartakoekin. Gozatzen egindako itzulpena izan da.

Zailtasun handiena Eduardo Galeanoren zehaztasun horretan asmatzea izan da, hitz gutxitan gauza asko esaten ditu eta beste horrenbeste uzten ditu esan gabe bezala, airean; sujerentziaz beteriko esaldiak dira. Estiloa ere oso berezia du, oso esaldi laburrak darabiltza, eta zailtasun handiena hortik etorri da, Galeanoren estiloaren zehaztasun eta konkrezio hori euskaraz ematea eta esan gabe esan dituen horiek ere airean uzteko modua aurkitzea euskaraz. Askotan izan dut tentazioa gauzak hobeki azaltzeko, hitz gehiago sartzeko, baina gehienetan eutsi diot tentazioari.

Su geldoan egindako lana izanda, emaitzarekin ere gustura egongo zara, noski.

Bai. Oso lasai egin dut eta izan dut denbora Fernando Rey adiskideari pasatzeko eta berak ere patxadaz zuzendu eta oso ohar egokiak egin dizkit, gero Txalapartan ere irakurri dute… Prozesu lasaia izan da, eta emaitza polita gelditu da.

Aipatu duzu zerorrek hautatu zenuela liburu hau euskarara ekartzea. Ze balio du liburuak?

Emakume ezagun eta ezezagun horien lana plazaratzearena. Liburuan agertzen diren emakume anonimoetatik asko latinoamerikarrak dira, eta baztertuak izan dira baita ere emakume izateagatik. Alde biko bazterketa sufritu dute. Horiek egindako lanak eta balentriak nabarmentzea uste dut izan daitekeela liburuaren ekarpen garrantzitsuena.