09/11/2019

Euskararen lege berri bat egiteko mozioa baztertu dute NA+ eta PSNk

Nafarroako Parlamentuak atzera bota zuen atzo, Navarra Sumaren eta PSNren botoekin, euskararen lege berri bat egitea eskatzen zuen mozioa. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren babesa ez zen aski izan hizkuntza eskubideetan aurrerapausoa emateko.

GARA|IRUÑEA
1109_eh_nafarroaparlamentua

Euskararen Legean jasotako aukera guztiak garatzea eta euskararen lege berri bat lantzeko konpromisoa hartzea eskatzen zion atzo aurkeztutako mozioak Maria Chiviteren Gobernuari. Zonifikazioa gainditzea eta nafar guztien hizkuntza eskubideak betetzeko gai izatea. Baina nafar Parlamentuko Herritarren Harremanetarako Batzordeak atzera bota zuen, Navarra Sumaren eta PSNren botoekin. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk proposamenaren alde egin zuten, baina ez zuten indar nahikoa bildu aurrerapausoa emateko.

Mozioaren bigarren puntuak herritarrei euskaraz arreta jasotzea bermatzea eskatzen zuen, Euskararen Legean zehazten den bezala. Helburu horrekin, behar diren euskara eskakizuneko lanpostu guztiak ezartzeko galdegiten zion mozioak Exekutiboari. Puntu hori, eta baita hurrengoa ere, onartu egin zen, PSNk abstentzioaren alde egin baitzuen. Navarra Sumak aurka bozkatu zuen berriz ere.

Hirugarren atal batean, Nafarroa osoan euskararen ezagutzaren balorazio justu eta orekatua ziurtatzeko araudi bat onartzea eta garatzea eskatzen zioten Gobernuari. «Komunitateko hizkuntzen ezagutzarena baino apalagoa izanen ez den balorazio bat».

Azkenik, «komunitateko errealitate elebiduna bere irudian, seinaleetan eta komunikazio publikoetan islatzeko» eskatzen zuen mozioak, «bereziki nafar guztiei zuzendutako Administrazioaren zerbitzuetan».

Lehenengo puntuan bezala, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren babesa ez zen aski izan Navarra Sumaren eta PSNren baturaren aitzinean.

Errealitatera egokitu

Geroa Baik sustatutako mozioak (lehen eta bigarren puntuetan EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren zuzenketak jaso zituenak) hizkuntza politikan babes sozial eta politiko zabal bat lortzeko deia egiten zuen. Deialdi publikoak eta indarrean dagoen legedia Nafarroako hizkuntz errealitatera moldatzea eskatzen zuen. Izan ere, ikusten dute, 2016ko seigarren Inkesta Soziolinguistikoan ageri den bezala, azken hiru hamarkadetako eboluzioa ez dela behar bezala kontuan hartu.

Inkesta hartan, biztanleriaren %13 euskaldun aktiboak direla nabarmentzen zen. Gainera, ehuneko hori bikoiztu egiten da 16tik 24 urtera arteko herritarren artean. Horri bertze %10 euskaldun pasibo gehitu behar zaizkio.

Horren aurrean, 2015ean Administrazioaren plazen %0,9k soilik zuten profil elebiduna. Nafarroako Ospitale Gunean, kasik 6.000 langilek lan egin arren, plaza elebidun bakarra zegoen.

Mozioaren eztabaidan, Geroa Baiko Jabi Arakamak adierazi zuen ez dela koherentea herritarren hizkuntza eskubideak aitortu eta seinalizazioa elebitan izatea eragoztea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondotik.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek Gobernu berriari galdetu zion ea zergatik ez duen sententzia horren aitzinean helegiterik jarriko. Eta Podemoseko Ainhoa Aznarez penatua agertu zen ez zelako mozioa onartu.

Navarra Sumako Iñaki Iriartek proposamena hauteskundeei begira egitea leporatu zion Geroa Bairi, eta PSNko Inma Juriok Nafarroa «ez dela elebiduna» baieztatu zuen.

 

Adierazpenak

«Iruñeko Udalak sare sozialetan euskara ezkutatzea ez da kasualitatea. Osagai politiko garbiak ditu, eta fobia ulertezinak»

JABI ARAKAMA

Geroa Bai

 

«Geroa Bai alderdi nazionalista da eta euskara nazionalismoaren elementu identifikatzaile bat da. Nafarroa ez da elebiduna»

INMA JURIO

PSN