GARA
IRUÑEA

Langile bat hil da Iruñeko Benecke Kaliko enpresan, bihotzekoak jota

Iruñeko Landaben industriagunean kokatua dagoen Benecke Kaliko enpresan langile bat hil zen atzo goizean bihotzekoak jota, LABek jakinarazi zuenez. 46 urteko P.T. da zendutako langilea eta, sindikatuak adierazi zuenez, lan egiten zuen enpresan ohikoak dira erritmo altuak, presioak eta atseden tarteen urraketak.

LABek zehaztu zuenez, zuzendaritzak 15 minutuko atsedena ezarri zien langileei, barne komunikazio baten bitartez. Lan Ikuskaritzan salatu zuen egoera LABek, «baina honek ez du ezer egin, barne komunikazio baten bidez eman zutelako neurriaren berri». Sindikatuak salatu zuenez, atzo hil zen langileak «bere lan-jardunaldian soilik 45 minutu» zituen bazkaltzeko.

Astelehenean bi orduko geldialdiak egingo dituzte txanda bakoitzean, enpresa batzordeak deituta. Eguerdian, bi orduz, enpresaren aurrean elkarretaratuko dira.

Benecke Kaliko enpresan hildako langilearekin, Euskal Herrian 2019. urtean beraien lanpostuetan 40 langile hil dira jada. LABek ñabartu nahi izan zuenez, nahiz eta azken ezbehar hau «ez traumatikoa» den, zerikusi handia du enpresan pairatzen duten lan baldintzekin. «Prekaritatea, berriro ere, presente dago lan heriotza batean», ondorioztu zuen sindikatu abertzaleak.