Aitor AGIRREZABAL
IRUÑEA

Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak, eztabaidagai urtarrilean

Kontsumoa, transmisioa, sorkuntza, ikusgarritasuna, teknologia... Gizarteak aldaketa handia izan du azken hamarkadetan eta, bide horretan, euskal kulturari ere erronka berriak sortu zaizkio orainera egokitzeko. Erronkok aztertuko dituzte urtarrilaren 24an, Iruñean, egingo dituzten «Hari izpia hartzen» jardunaldietan. Bertan, eragile ezberdinen artean gogoeta bateratu bat egitea dute xede, betiere, aurrera begira eman beharreko lan ildoak ezartzeko asmoz.

“Hari izpia hartzen” jardunaldiak aurkeztu zituzten atzo Iruñeko Kondestablearen jauregian. Urtarrilaren 24an egingo dira jardunaldiok Kondestablearen jauregian bertan, Nafarroan euskal kultura indartzea ardatz. Antolatzaileen artean diren Jon Jaka (Elkar Fundazioa), Castillo Suarez (Nafarroako Euskara Teknikari Sarea), Ines Castilla (Karrikiri elkartea) eta Jon Abrilek (Elhuyar) eman zuten atzo ekimenaren berri.

«Arduratuak gaude euskal kulturaren kontsumoarekin», adierazi zuen Jakak. Baieztatu zuenez, gero eta euskaldun gehiago dago, baina, «ohitura eta erraztasuna» medio, gazteleraz kontsumitzen dute hein handi batean. «Gero eta haur gehiagok ikasten dute euskara eskolan, baina horrek ez du ekarri euskaldun izan daitezen». Horren aurrean, indarra transmisioan eta eskaintzan jartzeko beharra aipatu zuen. «Euskal kultur sorkuntza eta produkzioa aberatsak dira gaur egun, baina, maizegi, ez dira herritarrengana iristen». Horregatik, programazio eta gizarteratze lanaren garrantzia nabarmendu zuen.

Era berean, egungo «iraultza kulturala» kontuan hartzeak duen garrantzia jarri zuen mahai gainean. «Orain arte sozializaziorako bide nagusiak familia, eskola, lagunartea eta komunikabideak izan badira, egungoak Google, Amazon, Facebook, Twitter eta Instagram dira». Hor ere egon beharra du euskarak. Eta horren guztiaren bitartez, agenda politikoetan presente izateko premia ere azpimarratu zuen, erakundeen eta kultur eragileen arteko elkarlan falta salatuz.

Hitzaldi eta hausnarketak

Egungo egoera iraultzeko antolatu dituzte urtarrileko jardunaldiak. «Eragile guztien artean gogoeta bateratu bat egin nahi dugu, nondik jo jakin eta aurrera begirako lan ildoak zehazteko», gehitu zuen Suarezek.

Egun osoko egitaraua izango da urtarrilaren 24koa. Goizean, 09.15ean, “Euskal kulturaren kontsumoa” hitzaldia eskainiko du Josu Amezaga EHUko irakasleak. Euskararen ezagutzan «lorpen handiak» egin direla dio Amezagak, baina erabileran «hutsuneak» antzeman ditu. Euskaldun batzuek euskaraz gero eta gehiago kontsumitzen badute ere, komunitate hori ez da zabaldu. Hor ikusten du arazoetako bat. Komunitateko erdigune trinko horrentzako sortzen dela kultura, hortik at dagoen publikoa erakarri gabe.

Lehen hitzaldiaren ostean, 10.15ean, transmisioa, sormena eta eskaintza landuko ditu Abrilek gogoeta gidatu batekin. Sormen horrek euskararen normalizazioan duen eraginean jarriko du ikusmira, baita aurrera begirako lan lerroak zehaztu ere. 12.30ean, Miren Artetxek “Gazteak, bertsoa, transmisioa eta nortasuna” hitzaldiaren bitartez «zergatik ez dute gazteek euskaraz hitz egiten» galderari buelta emango dio, «zergatik hitz egiten dute gazteek euskaraz?» hausnartuz. Euskal hizkuntzaren bidez gazteenganaino heltzea du jomuga. Horretarako, Ipar Euskal Herriko bertso eskolak aztertu ditu.

13.00etatik aurrera, Berako, Azpeitiko eta Aiaraldeko zenbait esperientzia plazaratuko dituzte. Esperientziotan herritarren parte hartzea da ardatz, adibidez, Azpeitiko Dinamo sormen gunean. Era berean, formazioa eta elkarlana dira han eta hemengo adibideetan errepikatzen diren bi irizpide. Bada, bide horretan ere murgilduko dira Nafarroako hiriburuan egingo diren jardunaldietan.