Jesus Valencia
Internazionalista
KOLABORAZIOA

Nork esan zuen etorkizunik ez dela?

Egitarau ausart eta itxaropentsuko jardunaldiak antolatu ditu Askapenak datorren azaroaren 15ean eta 16an, Iruñean. Gaurkotasun beteko gaiei aurre egitea proposatuko zaigu bertan. Zein da behetik eraikiko dugun Europa?

Erasokorra eta ankerra den sistema kapitalistan harrapaturik gaude. Lehia gordinak bultzaturik, munduko hegemonia haginkadaka lehiatzen da; etorkizuneko natur baliabideak bermatzearekin itsuturik, gerrak bilakatu dira “elkarbizitza” lortzeko bitarteko ironikoa. Testuinguru gogor eta higuingarri horretan, bazter guztietan sortzen dira faxismoaren onddo pozoitsuak. Erronka erabakigarriak mahaigaineratzen dizkigun egoera delikatua da: zer egingo dugu pentsamendu irekian eta bidezko banaketan oinarritutako jendartea eraikitzen tematuta gaudenok?

Europar Batasunaren parte gara. Sorreran konponbide gisa aurkeztu ziguten eta, urteak igaro ahala, arazo bilakatu da. Nazio batzuk sartzen saiatzen ari diren artean, beste batzuk irteteko prestatzen ari dira. Desberdintasun zorrotzek eta sutsuki kapitalistak diren gobernuek zeharkatzen dute kontinentea, galdera mordo bat planteatzen dituen Europar Batasunean. Gure herriaren garapenerako aukerak edo arriskuak aurkitzen ditugu bertan? Eraldatu behar da edo suntsitu?

Batzuetan axolagabe eta bestetan izuturik begiratzen diogu migrazioari. Gotorleku menderaezinak bilakatu ditugu muga komunitarioak, eta, Mediterraneo itsasoa, hilobi erraldoi. Gosetik eta inposaturiko gerretatik bizirik irtendakoak dira bidaia arriskutsuok abiatzen dituztenak; noraezean, bizirauteko babesa soilik bilatzen dute gure artean errefuxiatuok. Izukaitz geratuko gara zorigaitz horren aurrean? Iristeko zortea izan dutenei apurrak soilik eskainiko dizkiegu? Errefuxiatuak behar bezala artatzen saiatzetik harago, markatzen al ditugu genozidio berri honen erantzuleak?

Euskal Herrian bizi gara, herri txiki zahar batean. Galdera hauekin guztiekin kezkatutako herria, eta, aldi berean, jazarria. Neurri batean, hondamen mundialaren konplize eta biktima. Geu ere neoliberalismo ekonomikoak zapaltzen gaitu eta inperialismo politikoak lotu; biak ala biak, tematuta daude beraien aginduetara makurtu eta geure berezitasun identitarioak ezaba ditzagun. Zer egin? Etsipenean erori eta asimilatuak izan edo geure askatasuna erraz dezakeen klase eta nazio kontzientzia bultzatu?

Iruñeko Kale Nagusiko Katakrak gunean izango dira jardunaldiok, azaroaren 15ean eta 16an. Askapenak gonbidatu ugari deitu ditu, bakoitzak bere ikuspuntutik ekarpenak egin ditzan. EH Bildu, CUP edota Podemos alderdiak izango dira. Marco Santopadre italiarrak eta Nines Maestro borrokalariak faxismoari aurre egiteko zertzeladak eskainiko dituzte. Luca Bardino italiar aktibista gazteak, Pastora Filigrana feminista eta Rom herriko abokatuak eta Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kideek migrazioaren inguruko esperientziak ekarriko dituzte. Internazionalismoari dagokionez, panarabismo, panafrikanismo, konfederalismo demokratiko eta integrazio latinoamerikarraren testigantzak jasoko ditugu, eta, noski, alternatiben bilaketan aberastu nahi duten parte hartzaileenak ere bai.