Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Atzera eraikiz

Zerbait eraikitzea, altxatzea, ez baita beti aurrera egitearen sinonimo, ezta garai berrien seinale ere. Demagun eraikutza erraldoi bati ekiten diogula, ditugun eta ez ditugun sos denak erabilita. Egunen batean puntako herria izanen gara, inguruko denen inbidiarako eta behingoz gurea izanen da (garestiena bezain) trenik azkar eta modernoena. Horren azkar joanen da, non ez baita atzean utzitakoaren arrastorik geratuko. Horren azkar igaroko da, non atzean utziko ditugun eraikin zaharren hondakinak eta hondakinen azpiko bizitzak eta bizimoduak.

Oraina eta etorkizuna eraikitzen gabiltza, mespretxuz baztertutako puskak zahar horiek historiaren parte direla ohartu barik. Zatiren bat edo beste gorde dugu postaletako argazki gisa, gure kontzientzia lasaitu nahian. Jakin gabe, ordea, historiaren puskak ez direla zabor-hondar hutsak, irakaspenak baizik. Jakingo bagenu, bestelako irakurketak egingo genituzke egunotan ospatu den Berlingo harresiaren urtemugaz. Historiaren pusketatik zerbait ikasi izan bagenu, ez ginateke arituko berriz ere gizabanakoen banaketarako harresi berriak eraikitzen. Zerbait ikasi izan bagenu, jakinen genuke egungo politikek garaiotako harresiek bezainbeste min eragiten dutela.

Eta jabetuko ginateke bukatzear dugun eguteagiari kentzen dizkiogun orriak ez direla orri hutsak, urtebeteko irakaspenen bilduma baizik.