Oihane LARRETXEA
BAIONA
Interview
ITXARO BORDA
IDAZLEA

«Esperientzia existentzial bat izan da ‘beste bandoan’ kokatzea, enpatia ariketa bat»

Egutegi orri asko erori dira Itxaro Bordak (Baiona, 1959) bere lehen poema idatzi zuenetik. 1974. urtea zen, eta geroztik literaturaren ia alor guztiak landu ditu. Idazten duenean bere %100a idazketa lanari emana dagoela aitortzen du Bordak. Horrela egin du bere azken lanarekin ere, «Susmaezinak» (Alberdania).

Hitzordura garaiz ailegatzeko urduritasunagatik, akaso, finkatutako ordua baino lehen heldu gara denok. Bikain, hamar minutu estra ditugu. Plazera. Udazken egun fresko honetan Le Cafe du Théatre barruan babesa bilatu eta txokolate bero baten bueltan aletu du Itxaro Borda idazleak bere azken lana, “Susmaezinak” (Alberdania). Beti da gauza gustagarria Baiona bisitatzea.

Autoreak larruazal arrotzetara eramango du irakurlea. Zuzen eta atarikorik gabe. ETAko atentatuetan hildako guardia zibilen amen minera, sarjento baten alargunaren azalera, zauritutako zibilen pentsamenduetara… Erauntsi komandoa dago atzean, eta berau osatzen duten lau kideak: Pierre, Felix, Marian eta Patxi. Jendearen begietara pertsona arruntak. Beren ohekideen begietara, susmaezinak. Estatu frantsesean bizi dira, frantsesez josten dute beren egunerokoa, baina muga pasatzen dute ekintzak burutzeko. 80ko hamarkadan gaude, hemeroteken arabera, “berunezko urteetan”.

Hamabi urtez arituko da Estatu espainiarrean atentatuak egiten komandoa. Kapituluok ETAko kideekin eta haren bizitzekin tartekatuko ditu. Helduko dira atxiloketak, eta helduko dira torturak. Baita kartzela ere. Fikzioa eta errealitatea. Errealitatea eta fikzioa. Kasu honetan, ordenak ez du emaitzan eragiten.

Zergatik egin duzu atzera hamarkada hartara?

Uste dut ari garela bake prozesu unilateral horren ondorioz pixka bat ahanzten zein garai gogorrak alde guztietatik bizi izan ditugun, bereziki 80ko eta 90eko hamarkadetan. Jende askok sufritu zuen denbora haietan, euskal gizarteak berak pairatu zuen asko borroka armatuaren ondorioz, borroka armatuaren inguruan halako isiltasun bat ere eratu zelako… Ez ginen ausartzen kritikatzera, gauza emana zen, horrela zen eta kito. Ordura arte behar zen aguantatu eta uste dut denentzat hamarkada gogorrak izan zirela. Eta horretarako joan nahi nuen berriz.

Hein batean uste duzu orain hartu diogula garai hark izan zuen gordintasunari neurria?

Bai, a posteriori. Eta bereziki literatura irakurtzen dugularik. Irakurtzen badugu “Twist” edo “Fakirraren ahotsa” ohartuko gara kristoren garai salbaian bizi izan garela, bereziki, ETAren inguruan bizi ziren euskaldunak. Batzuetan deklarazio barkaezinak egiteko molde barkaezinak ukan ditugu, eta hori literaturaren bidez bidaia gisa etortzen zaigu begietara. “Susmaezinak” niretzat da ale bat gehiago ekartzea eraikitzen ari garen kontakizun anitz horri. Zeren erraiten dute politikoek errelatoaren borroka izango dela, badela 2011z geroztik. Baina uste dut errelatoa anitza izanen dela, eta errelato aniztasun hori bermatzen ahal duela literaturak.

Literaturak ez gaitu salbatuko baino lagundu gaitzake?

Hala da, literaturak ez gaitu salbatuko, baina literaturaren bidez nobela batean diren pertsonaietarako urrats enpatikoak egiterat ekartzen ahal gaitu. Hemen, nobela honek, ETAren ekintzen ondorioz hil diren biktima horiengana halako enpatia bat bizitzerat edo garatzerat ekartzen ahal gaitu.

Kosta zaizu nobela idaztea? Beldurrik izan al duzu?

Erraza ez da, inoiz ez da erraza liburu bat idaztea; eta hau are zailagoa izan da. Nik, beste idazle askok bezala, ez dut ohiturarik lehen “etsaiak” deitzen genituen pertsonaien gogoetan sartzeko. Hori izan da esperimentu bat bezala, enpatiaren esperimentazio bat bezala, ariketa bat. Lehen pertsonaiak sortu ditudalarik, ez nintzen eroso sentitzen eta gero bai, emeki-emeki, eroso sentitzen nintzen pertsonai horien barnean.

Beste pertsonaiak, Erauntsi komandokoak, arruntagoak dira, fikzioa dira baina neurri batean gure denboretan ezagutu ditugu, familiarragoak dira. Ezagutu ditugu horrelako pertsonaiak, ez hain karikaturalak, baina bai antzekoak. Nobelan ematen diren solas batzuk ere eduki ditugu denbora haietan. Baina beste bandan kokatzea…hori esperientzia existentzial bat bezala izan da.

Eleberria idatzi aurreko Itxaro Borda eta oraingoa berbera dira?

Ez dut uste. Beti aldatzen zaitu bestearen ikusmoldea zure hitzen bidez bizitzeak.

Oso indartsu hasten da kontakizuna: zuzenean hiru guardia zibilen hiletara garamatzazu. Zehazki, haietako baten amaren azalera. Zergatik?

Irakurlea ere enekin batean prozesu eraldatzaile horretarat eramateko. Hasi banintz ETAko pertsonaia batekin pixka bat “naturalagoa” edo “normalagoa” izanen zen, bai enetzat eta bai irakurlearentzat. Modu horretara nobelak ematen duen urratsaren eremuan sartzen gara berehala. Eta berehala gure enpatia nora doan, noraino eramaten ahal dugun lehen kapituluan frogatzen ahal dugu.

Buelta asko eman dizkiozu pertsonaiei?

Bai, bai, buelta asko. Denak dira sektore baten sinboloak. Bai ETAko kideak, eta bai biktimak ere. Hara, badira guardia zibilen ama, seme bat galdu duen ama baina Euskal Herrian bizi dena, eta bada Bartzelonako bat lehen biktimen manifestaziora doana… Beren aldetik ere bada halako aniztasuna. Eta historiaren garapen bat ere bada, biktimek ere izan dute garapen bat: pasa dira biktimak izatetik –bakartiak, estigmatizatuak–, kolektibo bat osatzera eta ahotsa izatera.

Pierre, Felix, Patxi eta Marian dira Erauntsi komandoko ETAkideak. Nork bere izaera, ahultasun eta bertuteak ditu.

Egin ahala etorri dira karakterizazioak. Hasieratik nahi nuen egin thriller bat bezala komandoarekin, mugaz alde batean bizi da eta muga pasatzen du zentzu guztietan. Horrez gain, nahi nuen erakutsi zein neurritaraino Iparraldeko sozietate euskaldunak parte hartu zuen istorio horretan, nola langile, laborantza, langabe zein emazte munduak parte hartu zuen ETAren borroka horretan, Iparraldetik.

Ekarpenak ugariak izan dira, eta sortu zuen Iparraldean halako haustura bat euskaltzaleen eta abertzaleen artean. Nobelan nahi izan dut hori erakutsi, nola haustura hori, arrakala hori sortu zen euskal sozietatean berean ETAren inguruan eta bereziki ETAk biolentzia erabiltzearen inguruan. Iparraldeko sozietate nekazari eta kristau horrek azkenean justifikatu zuen hiltzea. Igandero entzuten zuen “ez duzu hilko”, eta, hala ere, euskaltasunaren izenean, abertzaletasunarenean, independentzia eta sozialismoarenean… onartu da, onartu dugu orokorki, ETAko kideek hiltzea. Eta hori da gauza bat harrigarria dena. Orain konturatzen gara beharbada, edo konturatzen hasiko gara, ze kontraesan zen jende bakoitzaren baitan. Gainera, pertsonaiok behartzen dituzte beren ingurukoak beren buruak definitzera.

Bi ETAkide, Pierre eta Patxi, euren amekin bizi dira, beren babespean.

Bai, amaren seme kutunak dira. Baina, beste aldetik ere esan, Patxi eta Pierren amen irudiak hartuz… ez zirela mutiko horiek borrokan sartuko hain erraz amen oniritzi subliminala ukan ez bazuten. Amen rola borroka batean ere nahi nuen erakutsi, nahi nuen erakutsi borroka horretan sufritzen dutenak izan direla amak. “Beste aldean” ere amak dira mintzo.

ETAko kideek beren buruei errepikatzen diete ez direla hiltzaileak, eta, horrela izanda ere, badituztela beren arrazoiak.

Hor ikusten da hiltzaile horiek ere badutela humanitatea, heziketa bat, kultura bat… eta horrekin behar dutela ere konpondu normaltasunera itzultzen direlarik. Egia da ere badutela halako justifikazio harresi bat, justifikazio politikoak justiziaren izenean, bakearen izenean, eraikiak izan direnak.

Militanteak dira, hiltzen dute, baina badira senar, emazte, guraso, seme…

Pertsonak dira, bai. Eta badituzte beren minak eta emozioak. Kontraesan horiekin bizitzen dira, hala nola biktimak ere beren kontraesanekin bizitzen diren, beren ezintasunekin, beren politika pentsamendu muturrekoekin. Biktimak bilakatzen diren unetik nahasmendu bat dute buruan eta, bistan dena, bizitza ez dute berdin ikusten.

Eleberria gaurko egunez hasten da, Felix Sutarregi komandoko burua aske gelditzen denean. Atxilotua izan zenetik 30 urtera.

Haiek eragindako biktimak agertzen dira, baina nobelan zehar ikusten da ere ETAkideak biktimak izan zirela, aipatzen ditut GALeko atentatuak Iparraldean. Han ere sortu zen tentsioa, sufrimendua… Errefuxiatuen kanporatzeak ere izan ziren… Jaso dut gertakari horiek ere zein ondorio ukan zuten Iparraldeko sozietatean. Hemen ere inpaktatu du borroka horrek, eta ikusten dugu hor bukatu dela ere, lehenik Baionan eta gero Arnagan. Hara!

Aitortu duzu eleberria idaztea bera ariketa izan dela, eta ariketa horretan aldatu egin zarela. Espero daiteke gauza bera irakurlearen aldetik?

Bereziki orduko jendeek irakurtzen badute, ziur aski berentzat ere miraila edo ispilu bat bezala eragingo du nobelak. Gutxi edo aski, gehienok bizi izan dugu istorio hori. Batzuk kritiko izanez, besteak ez… Baina uste dut eragina ukan dezakeela gaurko belaunaldiengan ere. Gaurko belaunaldi gazteek guk baino libertate gehiago dute irakurtzeko.

Irakurtzeko ez ezik, idazle belaunaldi berriek izan dezakete askatasun gehiago gaia lantzeko orduan ere?

Bai, bai, zeren eta uste dut, eta pixka bat zinikoa izango naiz, ETAren inguruan eta ETAren baitan gertakari asko badirela thriller gisa edo nobela beltz gisa edo tragedia gisa plazaratzen ahal direnak. Eta espero dut, eta hori gure libertate kulturalaren froga izanen da, espero dut joango direla egiten, edo garela gu ere. Gure belaunaldiak ere badu erraitekoa, gai horiek jorratzen, nobeletara pasatzen… Euskal literaturak ez du besterik aipatu, borroka hori, zuzenki edo metaforikoki. Ene ustez.

Ez da ohikoa guardia zibilaren amari ahotsa ematea.

Orain arte ez zaigu eman, egia. Baina emanen zaigu, gero eta gehiago. Eta imajinatzen ahal da nobela bat egin Euskal Herrian bizi den guardia zibil baten alabaren edo semearen ikuspuntutik egina, eta euskaraz. Eta horrek erakutsiko du kulturalki eta sozialki funtzionatzen dugula, jendarte bat garela, bai Iparraldean bai Hegoaldean.