Jon APEZETXEA
Aspeko intendentea

Final gogorra, erritmo oso handikoa

Final gogorra izan da, erritmo oso handikoa. Akats batzuk egon dira, baina erritmo horretan jokatuta oso zaila da hutsik ez egitea. Erabaki batzuk ez ditu egoki hartu Jokinek, Josebak berean segitu du eta nik uste hor joan dela finala. Kontuan izan behar da elkar ondo ezagutzen dutela, eta tanto askotan errespetuz jokatzen ikusi ditugu. Eta, noski, erritmo horretan eroso jokatzea ia ezinezkoa da. Akats batzuk egon dira eta ongi jokatzea zaila izaten da. Final gogorra izan da mentalki ere, pilotan segitu beharra zegoen, eta une bakoitzean, pilotakada bakoitzean, oso ongi pentsatu zer egin. Eta horrelako final batean Jokin Altunari irabazteak zerbait esan nahi du. Ezkurdiak sekulako abiadura sartu dio pilotari, Jokin gainetik pasa du, eta hori oso zaila da. Fisikoki eta mentalki ikaragarri hazi da Ezkurdia. Lehen, bi edo hiru sake galduz gero, erori egiten zen, eta orain berriz lanean segitu egiten du berdin-berdin. Askotan esaten ari gara, eta agian jendea jada aspertzen ariko da kontu honekin, baina lanaren poderioz txapel bat irabaztea lortu zuen iaz eta hortik aurrera beste pilotari bat dela esan daiteke. Eta pilotalekuaz zer esan... Asko hitz egin dela horretaz, baina arrazoiarekin. Sake askotan ikusi dugu pilotak behera nola egiten zuen, baina final nahiko txukuna ikusi dugu azkenean eta alde horretatik ere pozik.