Imanol CARRILLO
IRUÑEA

«Konfiantza handia eman zidan aurreneko finalak»

Joseba Ezkurdia zoriontsu zegoen atzo, Lau eta Erdiko txapela bigarrenez eskuratu eta gero. Arbizuko pilotariaren jokoa nabarmen aldatu da, buruz gehienbat. Eta hala adierazi zuen prentsa aretoan. «Banekien partida gogorra izango zela buruz eta hor sartuta egon behar nuela. 0-3 galtzen hasi naiz, bera oso ongi hasi da, baina zabaletik pilota zail bat altxatu dut, tentsioan nengoen, eta uste dut aurreneko final hark konfiantza handia eman zidala. Lasai egin dut lo, tentsio puntu batekin noski, baina nahiko lasai. Eta binakako finalak neure buruarengan konfiantza eman zidan, ikusi nuelako honelako zita garrantzitsuetan gai naizela borrokatzeko, jokoarekin egiteko. Oso pozik», adierazi zuen.

Eta fisikoki, gainera, «neure burua oso ongi ikusten nuen», gaineratu zuen. «Jokinen pilotakada bakoitzera korrika joaten nintzen, eramatea lortzen banuen altxa eta segi. Azkenean berari beste pilotakada bat jotzera behartu, behintzat. Partida gogortu, zeren banekien ni ongi egongo nintzela. Bai fisikoki eta bai buruz. Ze buruz ere final gogorra izan da. Hor egon da tarte bat takada handiak egon direna, biok ere parean genbiltzan, eta eutsi beharra zegoen. Atzetik ibili naiz, gero 16ra joan naiz, bera hurbildu… Esandakoa, takadak egon dira eta pozik nago ongi eutsi diodalako. Azken txanpan ez nuen sakea galdu nahi, hor sufritzen ari nintzelako, faltaren bat ere egin dut aurrez, errestoan ere beldurrez ari nintzen ea pilota nola aterako zen. Baina oso pozik nago. Hau niretzat amets bat da, Jokin bezalako pilotari handi bati irabazteko aukera izatea. Partida ere iazkoaren nahiko antzekoa izan da, gogorra», laburtu zituen bere sentsazioak.

Altunaren faboritismoaz galdetuta, Ezkurdiak argi zuen bere prestaketan kontzentratu behar zuela. Hala ere, «alde egin dit kontra baino, nahiz eta kasurik ez diodan egin», gaineratu zuen.

Txapela nori eskaintzen dion galdetuta, Arbizukoak argi zuen: «Nire ondoan eta atzean dagoen jende guztiari, nirekin oso urduri jartzen den jende guztiari. Azken finean, amak eta aitak, anai-arrebek eta neskak sufritzen dituzte finalaren aurreko tentsio momentuak. Beraiek gabe hau ez litzateke posible».

Nola ez, animatzera joan ziren kuadrillako lagunei ere hitz batzuk eskaini zizkien: «Ez da erraza. Goizetik etortzen dira, bazkaria, gero frontoira. Gastu asko dira. Esfortzu handia egiten dute eta esker hitzak besterik ez ditut beraientzat. Babes handia dira niretzat eta ea horrelaxe jarraitzen duen urte askoan».

Ezkurdiak aurkaria goraipatu zuen, batik bat Altunak haserre amaitu zuelako finala: «12-11kora arte partida gogorra izan da, eta gero berak agian ez ditu bere sentsazioak eduki, baina Jokin pilotari handia da eta, nahiz eta sentsazio oso onak ez eduki, momentu batetik bestera klik egiten du eta, sakea hartzen duenean, sake-errematean espezialista da, eta ez nuen nahi momentu hori iristea partidan. Jota ikusi dut, baina pilotari ikaragarria da eta hemendik fuerte aterako da. 23 urte dauzka, bosgarren finala… Eredu bat da. Jokin egunero lan ikaragarria egiten duen pilotaria da, eta pertsona bezala ere handia da. Ea bere kontra final asko jokatzeko aukera dudan».

Argi dagoena da irakurleok goizean goiz lerro hauek irakurtzen ari zareten bitartean, Joseba Ezkurdia ajeak jota egongo dela. Izan ere, finala irabazi ostean afaria eta «juerga eder bat» egiteko asmoa baitzuen. «Galdu edo irabazi, banekien juerga egingo genuela. Final bat ez da egunero jokatzen eta merezi du», amaitu zuen Lau eta Erdiko txapeldunak.