Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Esku-hartze sozialerako hitzarmen duina eskatu dute Nafarroan

Nafarroan esku-hartze sozialaren arlorako hitzarmen duin bat izatea eskatu zuen atzo LAB sindikatuak Parlamentuaren aurrean. Aurrekontuetan partida egokiak behar direla diote.

Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo esku-hartze sozialaren arloko langileek LAB sindikatuak deituta. Hitzarmen duina eskatu zuten, oso arlo prekarizatua baita.

«Hiru urte daramatzagu gaia zerotik mugitzen. Pasa den apirilean mahaia irekitzea lortu genuen», azaldu zion LAB sindikatuko Oihan Ataunek GARAri elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean. Parlamentuko Eskubide Sozialen Batzordean agerraldia ere egin zuten atzo.

Hamar bilera izan dituzte dagoeneko hitzarmena lortzeko. Urrian Parlamentuko taldeekin erronda egin zuten, haiei ikusarazteko alor honetako langileek baldintza duinak izan ditzaten beharrezkoa dela onartzear diren aurrekontuetan partida egokiak izatea. «Zerbitzu publikoez hitz egiten ari gara eta hori aurrekontu publikoetan sartu behar da», gaineratu zuen Ataunek. Momentuz harrera ona izan dute talde parlamentarioen partetik.

Parlamentuan egin zuten agerraldian hau eskatu zuten: hitzarmena aurrekontuetan sartzea eta ratioak arautzen dituen dekretua eguneratzea. Horrekin batera, hitzarmena adostu eta «bi hilabeteren epean lizitazio guztiak berritzea» ere eskatu zioten Gobernuari.

Sektorearen egoera oso txarra da, urteetan ez delako inbertitu. «Sektore feminizatua da. Historikoki pribatizazioetatik eta karitatetik gatoz. Estatu mailan badago hitzarmena, baina Nafarroan ez dago ezer. Eta hori erabili dute murrizketak egiteko, merkatuaren prezioaren azpiko pleguak ateratzeko... Denetarik ikusi dugu. Azken hamar urteotan ez zaie soldatarik igo langileei eta horrek soldata %10 pobretzea dakar», gaineratu zuen Ataunek.

Alor honetan, bazterkeria pairatzen duten herritarrei zerbitzuak eskaintzen dizkieten langileek jarduten dute. Adin txikikoek, helduek, droga menpekotasuna dutenek, GIBa dutenek, etorkinek, prostituzioan dauden emakumeek, langabeek eta abarrek jasotzen dute zerbitzua. Laguntza hori eraginkorra eta kalitatezkoa izateko, horretan aritzen diren langileek ere baldintza egokiak behar dituztela aldarrikatzen dute hitzarmena eskatzerakoan.