Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Iruñeko III. Argitalpen Azoka, Nafarroan egindako lanen erakusleihoa

Nafarroan ekoitzi eta sortu diren lanentzat leihoa izan nahi du hirugarrenez ateak ireki dituen azokak; aukera ona ere bada dendetan topatu ezin daitezkeen liburu zein diskoak aurkitzeko. Aurten, lurraldeko 22 argitaletxek bat egin dute Sarasate pasealekuan eta, datozen urteei begira, bezeroa fidelizatzea dute xede. Igandera arte dago zabalik.

Sarasate pasealekutik igaroz gero, III. Argitalpen Azokarekin egingo du topo oinezkoak egunotan Iruñean. Datorren igandera arte, hilaren 24ra arte, Nafarroan sortu eta ekoitzi diren lanak ezagutzeko parada izango da. Aurten jauzi kuantitatibo handia eman da, gainera; lehen edizioan zazpi argitaletxe batu ziren, eta azken honetan, aldiz, 22 dira; horietatik bostek 30 urtetik gora daramate sektorean lanean. Bisitarien aldetik ere sumatu dute aldea: lehen edizioan 1.500 izan ziren, iaz 8.000.

Liburu zein disko, herrialdean argitaratu den guztiak du kabida, eta ez du zertan argitaletxe baten aterkipean izan. Badira autoeditatutako lanak, nahiz elkarteek sortutakoak. «Nafarroako lanen erakusleihoa izan nahi dugu, hemen ere badagoela muskulua eta gauza interesgarri asko», dio Aritz Otazu Nafarroako Editore Independenteen presidente eta Mintzoa argitaletxeko kideak.

Nobela beltza, historia, zientzia, politika, gizarte zientziak, saiakera eta gisako «arlo klasikoak» badira, baita gai zehatzagoak (familia, mendia, ardogintza) eta bereziagoak ere, Bibliak kasu. «Bai, bai, Nafarroan egindako Bibliak. Pluralak gara», dio Otazuk.

Beraien xedea lehenengo bospasei urteetan jendea fidelizatzea da, ez bertaratzea «karpa bat ikusten duelako bakarrik». Lehen edizioek, beraz, esfortzu berezia eskatzen dute.

Aldeko punturik badute, ordea, halako egitasmoek; izan ere, beste modu batera aurki ezin daitezkeen lanak topa daitezke. «Liburu dendetan, normala denez, saltzen dira bestsellerrak, azken nobedadeak, argitaletxe handien liburuak, onak zein txarrak, baina ikusten direnak. Eta liburu horiek sartzen dira begietatik. Guk leiho bat behar genuen. Eta leiho honetan bezeroak topatuko ditu argitaletxe batzuk eta hainbat liburu dendetan ez daudenak».

Iruñea, hautagai

Otazuk kontatu duenez, egunotan Argitaletxe Independenteen Nazioarteko Aliantzaren bisita jaso dute, zeren eta, Alemaniako Kolonia hiriarekin batera, Iruñea hautagai da elkarteak zortzi urtetik behin egiten duten kongresua jasotzeko 2021ean. Bizpahiru hilabeteren buruan izango dute ebazpenaren berri. Hitzordu garrantzitsua da bertan biltzen baitira 53 nazio-estatutako 700 argitaletxe.

Azokak ateak irekita izango ditu igandera arte, eta programa osoa gune honetan kontsultatu daiteke: www.editargi.com.