Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren gezurrak

Hainbat dira egiaren lokuzio-makuluak: egia esan, egia esateko, egia esatera, egiatan, egiaz, bene-benetan. Baina egia-balio eta egia-oste desberdinak dira.

Gertaera eztabaidaezinak ezin dira eztabaidatu. Ezinezkoa da. Eztabaida alferrikakoa da erabakita dagoelako. Eztabaidatu ezin denari buruz iritzia emateak ez du balio, eta botako balitz gainera etor dakiguke mailuaren kolpearen antzera. Estatuek eraikita dituzte, beti, zeintzuk diren gertaera eztabaidaezinak. Estatu-nazioaren batasuna eztabaidaezina denean Estatuek badakite nola babestu aurkakoak diren ideia, jarrera edo ekintzen kontra. Beti erabiliko dute bortxa. Iritzi horien ekintza txikiena terrorismotzat hartuko dute. Hor azalduko digute Estatuek euren bene-benetako egia: Estatuen terrorismoa.

Gezurraren geruza asko egiazkotzat jotzera behartzen gaituzte Estatuek. Estatuek ezin dute eraiki antolamendua egiaren oinarrian. Beti dute zerbait ezkutatzeko Estatuaren beraren betikotzea ziurtatzeko. Wim Mertens musikariak gutxi gorabehera dio musikaren gainean eztabaidatzea gustuko duela, baina ez duela azalpenik eman nahi bere musikaren inguruan. Besteen musikaz bai, bereaz ez. Gaztetan gezur asko esaten zituen elkarrizketetan David Bowiek, gezur inozoak. Egunkari eta musika aldizkarietako lerroburuetara iritsi nahi zuen. Ez zen bakarra izan. Egia-oste asko bota dira beti, egia azaldu gabe. Artista edo gizabanako bakoitzak jakingo du noraino eraman nahi duen egiaren geruza: gerizpe edo gardentasunera.