Alfontso DIEZ

Itzultzaile automatiko eleaniztuna, doan eskura

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologia oinarri hartuta, Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusiak (euskara, gaztelania eta frantsesa) eta katalana eta galegoa dakizkien itzultzaile automatiko bat garatu du Elhuyarrek, eta gizartearen eskura jarri du, dohainik. Azaldu zutenez, Itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta. Itzultzaile automatikoa garatzeko, teknologiarik berritzaileenak baliatu dituzte Elhuyarreko I+Gko ingeniariek; besteak beste, adimen artifiziala eta sare neuronalak. Adierazi dutenez, «erosoa eta erabilerraza da oso», eta «malgua», hala nahi duten bezeroei beren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko. Itzultzaile automatiko honen bidez dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio-sisteman (Single Sign On bidez)…