GARA
BAIONA

Gainkontsumoa salatzeko, Block Friday egin dute Iparraldeko gazteek

Gainkontsumoak eragiten duen kutsadura salatu, eta «geroa suntsitzen digun sistema» aldatzea premiazkoa dela aldarrikatu zuten gazteek atzo, Baionan, Black Friday delakoa Block Friday bihurtuz. Lafayette saltoki gunera eraman zuten protesta eta alternatiben mezua.

Black Friday delakoaren merkataritza eskaintzen aurka, Block Friday egin zuten atzo Fridays For Future mugimenduko ikasleek Baionan, gainkontsumoaren eta klima aldaketaren kontrako mezuak entzunarazi eta alternatibarik egon badagoela erakusteko. Protesta Herriko Etxean abiatu zen eta Lafayette merkataritza galerien aurreraino eraman zuten.

«Kontsumoa=kutsadura» eta halako leloak erakutsi zituzten kaleetan. Ingurumenaren aldeko aldarrikapenak eginez, «geroa suntsitzen digun sistema» salatu zuten gazteek, eta horren aurrean «agintariak mugiarazi» beharra dagoela adierazi zuten.

Mobilizazioaren amaieran, jantzi eta objektu bilketa antolatu zuten Lafayette merkataritza gune ezagunaren ondoan. Jantziak, bitxiak eta zapi higienikoak bildu zituzten, besteak beste. Batutako materiala Diakite, Gurutze Gorria eta Emmaus elkarteei bideratuko diete.

Manifestazioa Bilbon

Eragin Bilbo gazte prekarizatuen batzarrak deituta, ehunka gaztek manifestazioa egin zuten atzo iluntzean Bizkaiko hiriburuan. «Asimilaziotik ofentsiba eta antolakuntzara» pasatzeko deia egin dute, egungo egoerarekin onartzeko prest ez daudela adieraziz.

Gazteek bizi duten «prekarizazio prozesu basatiak» beren txirotzea eragiten duela salatu zuten eta agintariek egoera normalizatu nahi dutela, gazteek lan baldintza prekarioak onartzea beste irtenbiderik ez dutela adieraziz.

Mobilizazioak «aberaste azkarraren itxaropen faltsuarekin» jokatzen duten apustu-etxeen jarduera ere salatu du. Protestan, era berean, urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia ere gogorarazi zuten.