Alfontso DIEZ

Gipuzkoa anitzean 130 hizkuntza daude

Soziolinguistika Klusterrak egin duen hizkuntza aniztasunaren mapa aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak, «lurraldean dugun hizkuntza-aniztasunaren egungo errealitatea ezagutzeko eta aniztasun hori ahalik eta modu egokienean kudeatzeko tresna gisa». Ondorio nagusien artean aipatzen zuten Gipuzkoan 130 hizkuntza inguru hitz egiten direla. Mapak jasotzen duenez, herrialde horretako 720.000 biztanleetatik hiru laurden euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dira: 400.000 lagun hitz egiteko gai dira eta beste 100.000 inguruk ulertzeko gaitasuna dute. Gaztelaniaz harago, mila hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak ondorengo hauek dira: arabiera, tamaziga, errumaniera, portugesa, frantsesa, urdua eta punjabera, ukrainera, mandarin txinera nahiz Senegalen jatorria duten hizkuntzak, wolofa, esaterako. Galegoa eta katalana ere hor leudeke. Mila hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak, berriz, 120 lirateke Gipuzkoan. Mapak argi eta garbi islatzen du, beraz, Gipuzkoan aniztasun handia dagoela.