Ane URKIRI ANSOLA
MUGIKORTASUN ETA ENERGIA

BEREHALAKO ERANTZUNEN BILA, AIREAREN ETA ITSASOAREN KUTSADURA MURRIZTEKO

ENERGIA ARLORA ZUZENDUTAKO ENPRESAK DIRA NAGUSI GOIERRIN, ERDIAK BAINO GEHIAGO. BEROTEGI EFEKTUAREN AFERAN KONTZIENTZIA FALTA DELA USTE DUTE, ARRISKUA, BEREHALAKOA EZ, BAINA ERREALA BAITA. AIRE ZEIN ITSASOAREN KUTSADURA GUTXITZEKO NEURRIEZ MINTZATU ZIREN BEASAINEN.

Ibilgailuen potentziaren, ibilgailuek kutsa dezaketenaren eta kontsumitzen dutenaren berri, gutxi gorabehera, guztiok dugu; eta ez baldin badugu ere, jakin-mina sortzen du. Lagunen batek autoa erosten duenean, zer galdetzen diogu lehendabizi? Zenbat zaldi dituen eta zenbat kontsumitzen duen –eta hor sar dezakegu diesel edo gasolinazkoa den, kutsadurarekin ere estuki loturik baitago–.

Etxebizitza bat erostean itaun gehienak metro karratu eta logela kopuruari buruzkoak dira; ez dugu pentsatzen zenbateko energia isurtzen duen etxebizitza batek. Bide horretatik abiatu zen Orkli Group enpresako zuzendari komertzial Beñat Zudaire. Ez diogu erreparatzen erabilera energetiko txarrari eta hori, bere hitzetan, «bidegabekeria energetikoa» da.

Etxea berotzen dugu, kontrolik gabe, gehiegi berotu arte; eta zer egin ohi dugu halakoetan? «Leihoak zabaldu. Eta berriro atzera buelta», adierazi zuen Zudairek Goierri Valley-k antolaturiko Mubizing jardunaldietan. Horietan mugikortasun eta energia arloko eskualdeko enpresek –txiki, ertain zein handiek– beraien erronkak plazaratu zituzten.

Energia eta berotegi efektuaren inguruan kontzientzia falta dela ados agertu ziren. «Orain inori ez zaio bururatzen autoaren segurtasun uhala ez jartzea. Berotegi efektuaz hitz egitean badirudi arriskua ez dela berehalakoa eta, hortaz, ez dugu berehalako neurririk hartzen», adierazi zuen Orkli Groupekoak.

Etxe batek sortzen duen kutsaduraren %60 klimatizazio, berogailu edo ura berotzen duten gailuek eragindakoa da eta kutsadura osoaren %36 da etxebizitzek sortua –hor ez dira enpresak sartzen eta autoek %15 kutsatzen dute–.

Neurriak hartu

Ez gara horren jakitun, jakin-mina ere ez da sarri pizten eta berez, Eraikuntzen Kode Teknikoa (EKT) 2013an aplikatzen hasi zen; hau da, urte hartatik aurrera eraikitako etxebizitzek gutxiengo parametro batzuk errespetatu behar dituzte, aireko isurketak murrizte aldera.

«Estatu espainoleko etxebizitzen %90 EKT baino lehenagokoak dira, %60k ez dute isolamendurik fatxadan –energiaren %55 leiho zein fatxadetatik galtzen da– eta Aldundiaren finantzaketarekin berritu direnetan ez da sakoneko berrikuntzarik egin», ohartarazi zuen Zudairek.

Tenperatura baxuko sistemak, eguzki panel edo sistema fotovoltaikoak, barrua aireztatu eta beroa berreskuratzen duten sistemak, leihorik ireki gabe barruko karbono dioxidoa berriztatzen dutenak... Konponbide horiek zerrendatu zituen Orkli Groupek, enpresak berak eskuragarri dituenak.

Etxebizitzetako instalazio energetikoa gehiegi kargatuta dagoela esan zuen, gauza gehiegi efizientziatik urrun. Eta zer esanik ez, enpresa mundura jauzi eginda. Horregatik, hain zuzen, Aizkorpe enpresako zuzendari Raul Lacallek ikuskapenak egiteari beharrezko deritzo: «Arazoa, gaixotasuna, detektatu egin behar da. Kutsatzeak ez du kosturik, doan irteten da eta badirudi isunak jartzen hasi ezean, ez garela kontziente izango».

Argitu zuen ez dagoela zigor ekonomikoen alde baina, gaur- gaurkoz, ez du beste biderik ikusten, legea badagoelako eta ez delako errespetatzen. Efizientzia lortzeko eta zerbait zehaztearren, domotika-sistemen alde dago –hau da, monitorizazioa edo automatizazioa–. Ene Energia enpresako zuzendari Iñaki Tapiaren iritziz ere, optimizazioa izan behar litzateke aurreneko konponbidea, bakoitzaren egunerokoan aldaketak egitearekin batera.

Kontagailuak ere beharrezkotzat ikusten dituzte, jakiteko benetan kontsumitzen ari garena eta, hortaz, zenbateraino kutsatzen dugun. Etorkizunean energia kudeatzailearen figura sortuko dela aurreikusten du Tapiak.

Lasta-urak

Goierrin 45 enpresa daude energia sektoreari estuki lotuta; hau da, bi heren. Energiaren balio kate osoan aritzen diren enpresak dira; sorkuntza, hornikuntza eta merkataritzakoak. Energia izan zuten hizpide ostegun arratsaldeko saioan; goizean, aldiz, mugikortasunari egin zioten lekua, besteak beste, CAF eta Irizar enpresa handiekin.

Beasaingo Igartza jauregian egin zituzten jardunaldiok eta erakustoki bat ere jarri zuten, bi egunez. Ikusteko ederra da txokoa, eta sartu orduko industria ezberdinen proiektu berritzaileek erakartzen dute arreta.

Garabi Groupen erakustokiaren aurrean geldialditxoa egin eta ondoren, goian, emandako azalpena oso interesgarria izan zen. Hau ere kutsadurarekin estuki lotuta dago, baina kasu honetan, itsasoaren kutsadurarekin. Proiektu berria lantzen hasi dira, beraientzat berria den arlorako: itsasontziena, alegia.

Exijentziak areagotuz joan dira itsasoaren kutsadurari dagokionez eta, batez ere, lasta-uren kudeaketan. 2004an onartu zen itsasontzia orekatzeko erabiltzen diren ur horien kudeaketaren gaineko hitzarmena, baina 2017ko irailaren 8ra arte ez zen indarrean jarri mundu osoan. Garabi Group-en ingurumen saila lantzen ari den proiektu berria horren ingurukoa da.

Eraikitzen ari diren itsasontziek gutxiengo batzuk errespetatu behar dituzte eta, Murueta ontziolarekin elkarlanean, filtrazio teknika garatzen ari dira. Lasta-urek, kutsadura bakteriologikoaz gain, biologikoa ere isurtzen dute. «Euskal kostaldean jada errotzen ari dira berez exotikoak diren espezieak», ohartarazi zuen Igor Acuñak. Enpresako ingurumen arloko zuzendari teknikoa da bera.

Nazioarteko Itsas Erakundeak (IMO) ezarri ditu errespetatu beharreko zuzentarauak (D2) eta hori lortzeko lanean dabil Goierriko enpresa hau. Horretarako, izpi ultramoreak erabiliko dituzte, sistema kimikoei iskin eginda. Instalazioak isurtzen duen energia ere zuhurtziaz kontrolatu nahi dute eta horregatik honen kontsumoa uraren kalitateak baldintzatuko du.

«Gehienez ere 32 kw kontsumituko ditu, kalitate eskaseko ura baldin bada –hau da, gardentasun gutxi baldin badu–; eta kontsumo txikiena 8 kw-koa izango da», zehaztu zuen Acuñak. Filtrazio erako teknologia izango du eta horretarako 20 mikrako sare-begia txertatuko dute. Bertatik isurtzen ez den guztia desinfektatu egingo dute ultramorezko arrapalen bitartez.

Korporatibismo kutsua izan zuen honen aurkezpenak –baita ondoren hitz egin zuten Hine, Nippon Gases eta Arrano tailerreko bozeramaileenek ere–. Itsaso mundua hotza eta itxia dela gaineratu zuen eta instalatzeko modua zein euskarri teknikoa aztertzeke dutela adierazi zuen. Oraingoz, Estatu espainolean bakarrak dira.