Asier AIESTARAN
PILOTA

Garaipen borobila Artola eta Imazentzat Sorian

Gipuzkoarrek itxura bikaina emanda menderatu dituzte Olaizola eta Urrutikoetxea enpresakideak.

OLAIZOLA-URRUTIKOETXEA 13

ARTOLA-IMAZ 22

 

Binakako Txapelketa aurkeztu zenean, Iñaki Artola eta Ander Imaz ez ziren sartzen txapela irabazteko hautagai nagusien artean, baina lehen bi jardunaldiak jokatuta, gipuzkoarrek argi utzi dute sasoi betean iritsi direla urteko lehiaketa nagusira eta oso kontuan hartzeko bikotea izango dela hemendik aurrera.

Soriako La Juventud pilotalekuan, esaterako, 13-22 menderatu zituzten Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea, teorian Baiko enpresako bikoterik indartsuena ematen zuena. Partidaren lehen zatia parekatua izan zen, eta urdinak 11-8 galtzen ere egon ziren, baina hortik aurrera erabat nagusitu ziren jokoan nahiz markagailuan.

Neurketari ere hasiera hobea eman zioten Artolak eta Imazek. Aurrelari alegiarra eta atzelari oiartzuarra oso fresko daude, pilota bizi ateratzen zaie eskutik, eta konturatzerako 0-3 aurreratu ziren markagailuan, lehen bi tantoak pilotakada bikain banarekin atzean eginda.

Baina partidari erritmoa sartu nahi horretan Artolak huts batzuk ere egin zituen lehen zatian, eta horrek gorriei neurketan sartzeko aukera eman zien. Piloteoan gehiago ziren aurkariak, baina Aimar Olaizolak lortu zuen atzo ere aurrean bere aukerak aurkitzea.

Berdinketak izan ziren 3-3an, 6-6an eta 8-8an, eta datu esanguratsu bat: denborarik gehienean aurkarien menpe jokatu arren eta sartzeko ia aukerarik izan ez arren, 8-8ko horretara iristerako Aimarrek jada bost tanto zituen jokoan eginak, gehienak Artolari ezkerparetan bihurri sartuak.

Gorrien unerik onenak ziren. Urrutikoetxeak asko ibili behar izan zuen kantxan aurrera eta atzera, baina tanto eder pare bat ere egin zituen –ezkerrez irekiz ikusgarriak biak–, eta bost tanto segidan eginez, 11-8 aurreratu ziren lan erdietan.

Baina hortxe amaitu zen Olaizola eta Urrutikoetxearen bidea. Argiak itzali egin zitzaizkien bat-batean, eta ordura arte leun samarra zen urdinen nagusitasuna erabatekoa izatera pasa zen. Artolaren bi tanto ikusgarrik –bat txokoan eta bestea gantxoz– eman zioten hasiera gipuzkoarren 2-14ko partzial ikaragarriari, Imazek ere egin zuen berea bolea indartsu batekin, eta Urrutikoetxearen beherakadak –eramateko sake batzuk tartean– lagundu egin zuen neurketa azkar hausten.

Artolak eta Imazek gozatu egin zuten azken tantoetan, eta Olaizolak eta Urrutikoetxeak, aldiz, sufritu, bai emaitzagatik eta bai eman zuten itxuragatik. Batzuk esne mamitan daude, eta besteei ez zitzaien motza egingo Soriatik etxerako itzulera bidaia. Baina ederki dakite denek txapelketa oso luzea dela Binakakoa, eta egoera asko aldatu daitekeela aste batetik bestera.