Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Generoa

Kulturaren Euskal Behatokiak aurkeztu berri ditu antzerkian, literaturan, musikan eta dantzan genero berdintasunak daukan trataerari buruz enkargatutako txostenak. Arlo bakoitzeko eragile aktiboek sorkuntza eta industria aztertu dituzte beharrezko diagnostikoa eginez. Eta datuak esanguratsuak dira. Alde batetik, ikus dezakegu kulturaren arlo hauetan lanean diharduten emakumeen egoera, sormen bideetan zein kristalezko sabaiekin topatzean. Itzalpean gelditzen diren arazoak, dela amatasunaren gaia, dela sorkuntzan aurrera egiteko zailtasunak, aurrean jartzen dizkigute. Horiek guztiak argira ekartzeak, berdintasunaren gainean euskal kultur sorkuntzan ditugun hutsek eta jokabideek, gutxienez gogoetara bultzatu behar gintuzkete gizonezko sortzaileak eta artistak. Gure sorkuntzetan aldarrikatzen ditugun diskurtsoak eta ideiak praktikara eta egunerokotasunera aplikatzea ezinbestekoa da. Bestela, nolabaiteko telepredikadoreak izateko arriskua izango dugu; alegia, diskurtso sutsuak, baina praktika ustela. Txosten hauek begiak zabaltzeaz gain, bestelako gogoeta eta bideak zabaltzen dizkigute. Eta eztabaidarako arnasa. Hausnarketa, eztabaida eta kontraesanak sormen prozesuan jartzen ez badira, sistemaren imajinario heteropatriarkala errepikatzeko arriskua dago.

Ikerketan kontalaritza ez sartzea faltan izan dut, hain feminizatuta dagoen sormen arloa, hain zuzen. Baina nago ez dela hainbeste Behatokiaren errua, euskal kontalaritzak bere jarduna ezagutarazteko duen ahuldadeagatik baizik. Hau ikertu beharko genuke.