GARA
BILBO

Hamasei urteren ostean, erabateko eragina duen akordioa metalgintzan

Bizkaiko metalgintzako patronalak eta sindikatuek ofizialki berritu dute hitzarmena datozen hiru urteetarako. Pasa den astean lortu zuten aurreakordioa eta atzo arratsaldean berretsi zuten. Hogeita hamalau bilera eta hamar greba egunen ondotik heldu dira adostasunera. ELA ez da ados agertu akordioarekin eta gaur emango ditu azalpenak.

Azaroaren 26an lortutako akordioa berretsi zuten atzo Bizkaiko metalgintzako enpresen federazioak (FVEM) eta CCOO, UGT eta LAB sindikatuek. Hiru urterako hitzarmena sinatu dute. ELA ez da ados agertu bi aldeek erabaki dituzten puntuekin eta gaur goizean bere arrazoiak azalduko ditu.

2001-2003 sasoiko hitzarmena da sektorean erabateko indarra eduki zuen azkena –hori ere ez zuen sinatu ELAk– eta zortzi urtean iraungita zegoen sektorean eragin mugatua zuen akordioa. 58.000 langile batzen ditu sektoreak – emakumeak %17,2–.

Zortzi jardunaldiko greba egutegia hasi baino bi egun lehenago iritsi ziren aurreakordiora, mahai negoziatzailearen 34. bileran. Hamar greba egun egin dituzte orotara –maiatzean, ekainean, irailean eta urrian–.

2012tik galdu duten erosahalmena berreskuratzea dago zehaztu dituzten hobekuntzen artean. 2019. urteko lansariek KPI gehi %1,75eko igoera izango dute; eta gainontzeko bi urteetan KPI gehi %1,5 handituko dira.

Erraz ulertzeko moduan azalduta, LABek argitu zuen langileen zati batek 2003. urteko hitzarmenean zehazten zen gutxieneko soldata zeukala. Hau da, 13.403 euroko soldata. Hitzarmen berri honekin, 5.012 euro gehiago irabaziko dute urtean. «Inelsa enpresako langileen egoera da, besteak beste», gaineratu zuen.

Beste eduki batzuk

Aurreneko aldiz –eta hau bereziki nabarmendu zuen LABek– subrogazioak bermatuko ditu lan hitzarmen berriak, eta hortaz, mantentze lanetako langile azpikontratatuek ziurtatuta izango dute lanpostua: «Hori lorpen handia da kontuan hartuta enpresa hitzarmenetan subrogazioa ezin dela negoziatu».

Behin-behinekotasunari muga jarri diote; baita aldi baterako laneko enpresen bitarteko kontratazioari ere. Sindikatuek ez dute zehaztu non jarri dituzten langak.

Horrez gain, laneko osasun arloan, prebentziorako delegatuak ahaldunduko dituzte. Era berean, berdintasunerako bidean hainbat neurri jasotzen ditu, eta halako edukiak zehazten dituen industria sektoreko lehen hitzarmena izango da. Besteak beste, berdintasun planak, jazarpen sexualaren inguruko protokoloak eta soldata arrakala saihesteko neurri eraginkorrak jarriko dituzte martxan.

Beste neurri batzuen artean, ultraaktibitate mugagabea eta lan erreformaren aurka blindatzea ere biltzen du hitzarmenak.

CCOOk beste puntu bat ere nabarmendu zuen. Lan istripuen ondorioz gauzatutako bajen osagarrien ingurukoa, alegia. Azaldu zuenez, 2008-2011ko hitzarmen mugatuan jasotzen den edukia mantentzea lortu dute, patronalak aldi baterako mugatu nahi baitzuen.

Bi aldeetako balorazioak

Behin testuak errepasatutakoan, juridikoki erregistratuko dute hitzarmena. Bi aste barru izango dela aurreikusten dute.

Atzoko bilera bukatzean, bi aldeetako ordezkariek beren hausnarketak plazaratu zituzten. Bizkaiko metalgintzako industrien federazioko Luis Bernaolak ohartarazi zuen hitzarmen hau ez dela «merkea» enpresentzat.

Sindikatuek, bestalde, historikotzat jo zuten lortutako akordioa. CCOOrentzat «edukiz aberasgarria» den hitzarmena osatu dute eta LABek nabarmendu zuen «hilda zegoen hitzarmena berreskuratu» dutela.

UGTk baloratu zuen aurrerantzean langile guztiek baldintza berberak izango dituztela.

 

ZENBAKITAN

2021

Patronalak eta sindikatuek (UGT, CCOO eta LAB) atzo sinaturiko hitzarmenak hiru urteko iraupena du, 2021. urtera arte.

58.000

Bizkaiko metalgintzan 58.000 pertsona inguruk egiten dute lan, horietatik 10.000 dira emakumeak (%17,2). Herrialdeko sektore indartsuenetarikoa da. Alor honetako 2.000 enpresa daude Bizkaian.

34

Hogeita hamalau bilera behar izan dituzte gatazkako bi aldeek hitzarmen berria adosteko.

10

Hamar greba egun egin dituzte metalgintza sektoreko langileek hitzarmena sinatu aurretik. Azaroa eta abendua bitartean zortzi eguneko greba hasteko bi egun falta zirela lortu zuten aurreakordioa.

5.012

2003ko tauletan zehazten zen gutxieneko soldata zuten batzuek (13.403 euro). Orain, urtean 5.012 euro gehiago irabaziko dute.