03/12/2019

Inoizko Sarrionandia pertsonalena

Iaz «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?»-rekin Habanako gauetan gogoetatutakoak eskaini zizkigun Joseba Sarrionandiak, eta bide beretik dator «Airea ez da debalde» (Pamiela) bigarren gaukaria ere. Orotariko hausnarketak dira, baita arlo pertsonalekoak ere. «Ez da isilduko» bere iritzi politikoak plazaratzean, espetxealdian pairarazitako torturak ere izango ditu hizpide eta, hegazkinei begira, amaz ere oroituko da. Habanako etxe atarira eramango du irakurlea.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
1203_kul_sarri

«Habanako gauetan Joseba Sarrionandiak idatzitakoa opari bihurtu zaigu». Hitz horiekin laburbildu zuen Fernando Rey itzultzaileak “Airea ez da debalde (Habanako gaukaria)” liburuan irakurleak aurkituko duena. Iaz argitaratutako “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” liburuan hartutako bideari segida ematen dion lana da, eta, hura bezala, testu laburren bidez gogoetarako plaza irekitzen du idazle iurretarrak, hango eta hemengo istorioak bilduz, historiako pasarteak gogora ekarriz eta, zergatik ez, etxeko pasadizoren bat ere tartekatuz.

«Sarrionandiak bisita egiten digu eta Habanako gauetan isiltasunez paperera eramandakoak ekartzen dizkigu, gogoeta eragile», laburbildu zuen Reyk aurkezpenean. Alboan izan zuen Joxemari Iturralde, idazlea eta iurretarraren gertuko laguna. Sarrionandia «zirkulu bat ixten» ari dela iritzi zion Iturraldek, “Ni ez naiz hemengoa” (Pamiela, 1985) eta “Bizitzea ez al da oso arriskutsua” (Pamiela, 2018) argitalpenekin «arku erdia» egin duela eta lan berriarekin zeregin horretan beste koska bat gehitu duela uste du: «Liburu honekin beste laurden bat eransten dio. Liburu honek lau hilabete hartzen ditu, 2018ko azarotik 2019ko otsailera. Agian orain bertan ariko da liburu honen jarraipena idazten, seguruenik hurrengo urtean kaleratuko dena», aurreratu zuen, zirkuaren itxiera iradokiz.

Sarrionandia Habanan dagoela publiko egiteak orain artean isilpean zituen zenbait gai mahaigaineratzeko beta eman diola ere aipatu zuen Iturraldek. «Urte askoan ezin izan du aipamen zehatzik egin. Orain argitasunera azaldu denean aipatzen digu non dagoen eta baita ere, esaterako, nondik atera duen titulua», jarri zuen adibide. Izan ere, liburuan kontatzen du Habanako kaleetan doala “pontxera” bat –pneumatikoak konpontzeko tailerra– ikusi duela: pneumatikoa bildua dago, eta gainean idatzia darama “Airea ez da debalde”. «Denak du prezioa», jarri zuen azpimarra Iturraldek. «Habanako hiriak badu pribilegio bat. Hiri honetako kaleetan ez dago aspertzerik, eta kale horietan ikusitakoa ekarriko digu», nabarmendu zuen.

Sarrionandia pertsonalena

Iurretarra «beti Euskal Herrira begira dagoenez» idatzietako askotan euskal erreferentziak daudela ere aurreratu zuen. «Euskal politika jarraitzen du, eta iritzi politikoak ematen ditu, ez da isilduko. Gogoeta batzuk ezagunak egingo zaizkigu, eta beste batzuk ez», ziurtatu zuen. Adibidez, “herria” kontzeptuaren inguruan gogoetatzean: «Kontzeptua erreibindikatu behar dela dio, bere anbiguotasun osoan. Herria zer den erabakitzeko dagoela dio».

Euskal idazleen egoeraz ere egiten du gogoeta, kolonizazioaz, bando politikoez eta banderez. «‘Bandera baloratu eta gurtu egiten da Kuban, guk edozein bandera trapu zahartzat hartzeko joera dugun artean’, dio Sarrionandiak».

Hego Amerikan bizi diren euskaldunek ere badute lekurik gaukarian baina, irakurle askori deigarrien egingo zaien zatia Sarrionandiak bere bizitza pertsonaleko arrastoak azaleratzen dituena izango da. «Kontatuko digu nola egon zen kartzelan, nola torturatu zuten zortzi egunez. ‘Han barruan ez nuen ezer, ez identitate txartelik ez ametsik’, dio». Bere seme-alabek ere –15 urteko Mikel eta 4 urteko Ainhoa– badute lekurik liburuan, bietako batek handitan «komunista» izan nahi duela esaten dioneko pasadizoa adibidez. «Badaude pasarte kutun eta hunkigarriak, bestelako Sarrionandia bat erakutsiko digutenak», ziurtatu zuen Iturraldek.

Eta, etxeko leihotik hegazkin bat hegaldatzen ikustean, amaz ere oroituko da: «Itzuliko al da etxera? Galdera hori askok egiten dugu», aipatu zuen Iturraldek, eta hegazkin hari begira Sarrionandiak idatzitakoa nabarmendu zuen: «Otu zait ni barruan joan nintekeela, zugana joateko, ama». Idazten ari den liburuarekin «zirkulua itxi» dezakeela esanez amaitu zuen aurkezpena: «Eta hala bada, espero dut bera hemen egotea liburua aurkezteko».