GARA
IRUÑEA

Nafarroako Parlamentuaren domina jaso du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, Nafarroako Parlamentuaren domina jaso zuen atzo euskararen Akademiak, Osoko Bilkuren aretoan egindako ekitaldian. Foru Legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta Euskaltzaindiak «euskararen alde lanean ari diren nafar eragileekin» partekatu nahi izan zuen.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman zion domina Euskaltzaindiari. Euskararen inguruan ezer aurrera ateratzea «oso zaila» dela azpimarratuta, sari hau ematerakoan «alderdien interesak alboratu» izanak daukan garrantzia nabarmendu zuen Hualdek.

Alderdietako ordezkariek irakurritako agirian, hain justu, «Euskaltzaindiak urte hauetan guztietan gainditu behar izan dituen oztopoak» ere nabarmendu zituzten. Euskara batuaren sustapenean egindako lana «erabakigarria» izan dela adierazi, eta horrek «alfabetatzean, kulturaren sustapenean, hedabideetan edo hezkuntzan» izan duen eragina ere lehen lerrora ekarri zuten.

Andres Urrutia euskaltzainburuak «une gogoangarria» dela adierazi zuen eta dominak erakundearen lana «berretsi» egiten duela baieztatu. Denbora luze honetan Euskaltzaindia «heldutasunera» eraman duten pertsona guztiak ekarri zituen gogora, Arturo Campion edo Patxi Ondarra, besteak beste, 70 nafarren artean.

Banatu beharrean, euskara «elkarbanatzeko kultura zeinu» izan beharko litzatekeela esan zuen Urrutiak: «Guztion ondarea da, ezin du alderdi politiko batek edo ideologia batek erabilia izan». Horregatik, euskara herritarren artean «zabaldu eta garatzeko» deia egin zuen.

Legebiltzarrak ez ezik, Akademia Nafarroako beste erakunde batek ere sarituko du. Gaur, Iruñeko Gazteluko plazako kioskoan, Orreaga Fundazioak Mariscal Pedro de Navarra saria emango dio Euskaltzaindiari ehun urtez euskal kulturaren alde egin duen lana aitortuz.