GARA
DONOSTIA

Hondartzetako sorospena bere gain hartzeko eskatu diote Aldundiari

Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritako (Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio) EH Bilduko alkate eta zinegotziak Batzar Nagusietako osoko bilkuran izan ziren atzo, hondartzetako sorospen zerbitzuaren kudeaketa bere gain har dezala eskatzeko eta, hala ez den bitartean, «gutxienez kostuaren %100 bere gain hartzeko».

Koalizio abertzaleak aurkeztutako ebazpenaren aurka bozkatu zuten EAJk eta PSEk.

Han izan ziren ordezkarien izenean, Getariako alkate Haritz Alberdik gogorarazi zuen Orio, Mutriku eta Hondarribiko udalbatzarrek aho batez onartu zutela atzo EH Bilduk Batzar Nagusietara eraman zuen eskaera berbera; eta Getaria, Zumaia eta Debakoek, gehiengoz.

Alberdiren esanetan, «guztiz arduragabea» da EAJk eta PSEk hartutako erabakia. «Ezin da Gipuzkoa ondo gobernatu udalerriei bizkarra emanez, edo okerragoa dena, gure bilera eskaerei ere erantzunik ere eman gabe», gaineratu zuen.

«Sekulako gastua»

Gipuzkoako zerbitzu publikoetan lan egiten dutenen «lan baldintzak duinak izatea denon ardura» dela adieraztearekin batera, Alberdik azaldu zuen hondartzen kudeaketa «sekulako gastua» dela udalentzat. «Zerbitzuaren kostua oso handia da biztanleko. Getariako kasuan, adibidez, aurrekontuaren %3,6az ari gara hitz egiten, eta horregatik eskatu dugu sorospen zerbitzuaren kudeaketak Aldundiaren esku egon behar duela, Bizkaian aspaldidanik egiten den moduan», azpimarratu zuen Getariako alkateak.

Afera horri irtenbidea eman ezean, bertoko herritarren zein bisitan datozenen «segurtasuna jokoan» egongo dela ohartarazi zuten.