Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Itzulera

Tren geltoki batean agurtu nuen duela 21 urte. Ez nekien norako bidean zihoan, sasietara zihoala bakarrik. Eskafandra batean banengo bezala oroitzen dut une hura. Ikara hura gainditzeko harri bilakatzeko premia ezinbestekoa. Anaia bikia nuen, jatorrian ni naizen zelula bera izandakoa. Literalki. Lehen hizkiak elkarren ondoan ikasi genituen, eta bazihoan, akaso hilkutxa batean bueltatuko zen bidaia infernalera. Aurrerantzean, dena izan zen besomotzaren besoa bezalakoa. Hemen azkura, eta ezin hazka egin, hemen negargura, eta ezin lasaitasuna topatu. Ez nituen albistegiak ikusi nahi, ez nuen egunkaririk irakurri nahi. Matrioxka batean bizitzea bezala izan zen. Geruza bat bestearen gainetik, eta beste geruza bat gero. Kanpoko oihartzunak zetozkidan, ahots urruneko batzuk. Esaten zidaten hori zela “nire” bizitza. Etakideren bat hiltzen zen bakoitzean, iltzeak erortzen ziren zerutik. Eta bera ez zela ohartzean bakarrik aurkitzen nuen bakea, beste etxeren bateko malkoen kontrastean. Ai zein kontsolamendu mizkina, miserablea! Ez da egun bakarra pasa haietan pentsatu gabe. Orain hemen da, hainbeste neguren ostean. Hemen daukat, nire alboan, beste anaiak bidaltzen dizkion “gif” deskubritu berriei barre egiten. Bizitza berri bat hasi da beretzat. Ezingo dut esan pozik ez nagoenik. Baina beste etxeetako infernuak borrokarako arrazoia izaten segituko du egunero. Egunero.