Maite UBIRIA
HENDAIA

Migranteek pairatzen duten eskubide urraketa salatzeko protesta Hendaian

Frantziar Estatuko mugetatik gertu dauden bost hiritan eginiko deialdiaren baitan, pertsona migratzaileek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Hendaian ere. Topoaren geltokitik abiatu eta Santiago zubiraino joan zen manifestazioa.

Cimade, Mugarik Gabeko Medikuak, Amnesty International, Munduko Medikuak eta Secours Catholique-Caritas elkarteek eginiko deialdiari jarraituz, frantses Estatuko mugetatik gertu dauden bost hiritan protesta ekimenak egin zituzten atzo eguerdian. Deitzaileen ondoan izan ziren Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera Sareko kideak.

Elkarretaratzea egiten ari zirela, suhiltzaileen sirena hotsak entzun ziren, etorkinek jasaten dituzten eskubide urraketen aurrean alarma pizteko helburuarekin.

Aurrena, Topo geltokiaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, Hendaian. Polizia frantsesak auzo berean duen komisariaren ondoan dago migranteak atxikitzeko zentroa (CRA, frantsesez). Bertan «inor ez dela ilegala» aldarrikatu eta migratzaileentzako «pasabide seguruak» eskatu zituzten ekintzaileek.

Handik Santiago zubirantz abiatu ziren gero, poliziakideak ondoan zituztela.

Hain zuzen ere, joan den ostiralean bost etorkinek ihes egin zuten aipaturiko zentrotik, beste behin ere inolako deliturik egin gabe bertan atxikitzen dituzten herritarrek pairatzen duten egoera latza agerian utziz.

«Frantziak haurrak jazartzen ditu» eta «zuzenbiderik gabeko eremua» zioten afixak erakutsi zituzten atzo eta «eskubide guztiak pertsona guztientzat» izan behar direla aldarrikatu zuten.

Bost pertsona horiek –batek bere bizitza arriskuan ere jarri zuen, Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen ahalegindu zenean– ostiralean bertan atzeman zituzten.

Astelehenean Baionako auzitegian iragan zen epaiketa azkar baten bidez bost iheslariak zigortu egin zituzten.

Eskubide urraketak

Atzoko mobilizaziora deitu zuten antolakundeek nabarmendu zutenez, hainbat eskubide bortxaketa gertatzen dira muga eremuetan.

Horien artean honako hauek aipatu zituzten: osasun eta gizarte arloko dispositibo falta, migranteek beren burua babesteko eratzen dituzten behin-behineko aterpeen suntsipena, pertsona hauei asilo eskaera egiteko orduan ezartzen zaizkien oztopoak, adingabeek jasaten duten babes falta, baita zeharkaldi osoan zehar herritar hauek jasan behar izaten dituzten jarrera bortitzak ere.

Arau eta lege ezberdinen bidez etorkinei laguntzen jarduten duten pertsonen eta elkarteen aurkako jazarpena ere nabarmendu zuten. Atzoko ekitaldiaren deitzaileen ondoan Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sareko kideak izan ziren.

Elkarte horiek eskaera zehatza egin dute berriki; hain zuzen, frantses Parlamentuan ikerketa batzorde bat martxan jartzea galdegin dute.

Giza eskubideen urraketak agerian uzteaz gain, proposamen horren bitartez pertsona migranteen oinarrizko eskubideak bermatzeko helburuarekin neurri zehatzak abian jar daitezela eskatu dute.