Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Aimar Irigoienek harri handiekin ez du hutsik egin

Txapelketako faborito nagusia erraz nagusitu zen larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Larunbat arratsaldez jokatu zen Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa Nagusia eta faborito nagusiak ez zuen kale egin. Pisu desberdineko lau harri modelo erabili zituzten eta Irigoienek lan bikaina egin zuen, duela bi urte egin zuen marka berdinduz. Txapela 8.225 kilo leporatuta bere buruan kokatu zen. Bigarren Jokin Eizmendi izan zen, 7.250 kilo jasoaz. Hirugarren, Xabier Peñagarikano (6.150 kilo). Ondoren, Aimar Galarraga (5.600 kilo), Xabier Aranburu (5.350 kilo), Iñigo Eizagirre (4.300 kilo) eta Julen Diaz (3.425 kilo).

180 bat ikusle bildu ziren ia bi ordu eta erdiko finala jarraitzeko. Beharbada, kirolaren onerako laburtzeak ez luke kalterik egingo. Zazpi partaide izanik, banan-banan aritu ordez binaka gozoagoa litzateke ikuskizuna, saioa ordu eta erdira ekarriaz. Horretarako, binaka lana egitea litzateke egokia. Era berean, denbora pitin bat laburtzearren, harri batetik bestera bi minutuko tartea egin ordez, batekin aski litzateke. Uste dut laburtzea beti dela hobe, lan bizia eta ez hain luzea hobe dela herri kirolak indartzeko.

Urrezko Aizkora

Agurainen ostiralean jokatu zen Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa. Hamar enbor ebakitzen azkarrena Jon Rekondo leitzarra izan zen; 24 minutu eta segundo bat behar izan zituen. Bere aurkariak, Ugaitz Mugerzak, 26 minutu eta 21 segundo. Horrela bada, Jon Rekondok aurrera egin du txapelketan.

Gabonetako Harri Jasotze Txapelketan ere kanporaketa bat gehiago jokatu zen eta Beñat Telleria izan zen 100 kiloko hiru harri desberdinak erabiliz onena; 75 jasoaldi egin zituen. Jon Gisasola Zelai V.a, berriz, txapelketatik kanpo gelditu da 71 jasoaldi egin eta gero.

Azkenik, Emakumezkoen Ingude Jasotze Kopako ekitaldia jokatu zen. Karmele Gisasola Zelai III.a izan zen garailea 91 jasoaldi emanaz 10 kiloko ingudeari minutu eta erdiko saioan. Estibalitz Cidadek 85 jasoaldi eman zizkion ingudeari denbora berdinean. Horrela, Karmele Gisasolak txapelketan aurrera egin du.

Mendaron larunbatean Urrezko Aizkolarien beste ekitaldi bat jokatu zen. Urola bailarako bi aizkolari aritu ziren: Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra eta Eneko Otaño beizamarra. Alberdik hamar kanaerdiko etzanda jarrita ebakitzen 28 minutu eta 31 segundo behar izan zituen, eta, Otañok, 31 minutu eta 29 segundo.

Gabonetako Harri Jasotze Kopan Imanol Albizu Goikoetxe izan zen garailea, 76 jasoaldi eginda; Mikel Lopetegi Urra 82 jasoalditan geratu zen. Emakumeen Ingude Kopan Maika Aristegi Iturengoa izan zen garailea 92 jasoaldi eman ostean 10 kiloko ingudeari minutu eta erdian. Garazi Arrutik, berriz, 85 jasoaldi eman zizkion pisu berdineko ingudeari denbora berean.

Sokatira

Atzo jokatu ziren Ozetan Euskal Herriko 4x4ko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako neurketak. Gizonak 300 kilotan neurtu ziren. A multzoan irabazlea Ibarra izan zen (5 puntu). Ondoren, Beti Gazte (4 puntu), Ñapurrak (3) eta Berriozar A (1). B multzoan, Gaztedik 4 puntu, Berriozar Bk 3 puntu, Antsoainek 2 puntu eta Bizindarrek puntu bakarra.

Emakumezkoen 260 kategorian Gaztedik 7,5 puntu, Beti Gaztek 7,5 puntu, Txantrea Bk 6 puntu, Badaiotz Ak 5 puntu,Ibarrak 4 puntu, Badaiotz Bk 3 puntu, Txantrea Ak 2 puntu eta Bizindarrek puntu bakarra.