Ruben PASCUAL

Ikastolek azaldu dute ikasleen banaketaren desorekan ez dutela ardurarik

Atzerritar jatorriko ikasleak jaso nahi ez dituztela argudiatuz Oiongo ikastolaren aurka abiatutako kanpainari erantzun nahi izan zioten atzo Arabako Errioxako ikastoletako eta Ikastolen elkarteko kideek, Gasteizen egindako agerraldian. «Ikastolaren aurkako kanpaina abiatu dute, euren umeak etorri berriekin nahastu nahi ez dituztenen babesleku bilakatu omen garelako», azaldu zuten, baina «probokazioan eroriko» ez direla azpimarratu zuten.

Ikastolengan fokua jarri nahi izan duten kritiken aurrean, argitu zuten egungo argazkiak bestelako irudi bat erakusten duela, eta matrikulazio epetik kanpo datozen ikasleen banaketaren ardura ez dagokiela beraiei. «Desorekaren erantzuleren bat izendatu behar bada, ez gaitzatela gu izendatu», esan zuten. Afera Arabako Eskolatze Batzordeak dituen «irizpide okerren» eragina dela gaineratu zuten.

Izan ere, ikasle horietatik ia guztiak matrikulazio epetik kanpora iristen dira Euskal Herrira eta, hortaz, familiek ez dute erabakitzen non matrikulatu, herrialde bakoitzeko Eskolatze Batzordeei baitagokie. Arabakoaz, lan hori «oso era desorekatuan» egiten duela esan zuten, ikasle horietako asko, gainera, A eta B ereduetara bideratuz, bereziki Arabako Errioxan.

Etorkinei ateak ixteko xedez gelak topera betetzea leporatzen dietenen aurrean, zehaztu zuten San Bizente ikastolan 53 leku libre dituztela, maila desberdinetan; Bastida ikastolan, 74; eta Assa ikastolan, 168.

Desorekak eta beronen ondorioek irtenbidea badutela uste dute. Horretarako, baina, hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztien artean adostutako «plan zehatz eta integral» bat lantzeko beharra mahairatu zuten.