Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Dolores Redondoren azken liburua euskaratu du Ereinek

Danele Sarriugartek abuztuan jaso zuen «El lado norte del corazón» eleberria itzultzeko enkargua. Dolores Redondoren Baztango Trilogiaren prekuela da honakoa, irakurle berriak irakurtzeko xedea duena. Orain euskaraz ere irakurri ahalko dugu «Bihotzaren ipar aldea», Amaia Salazar inspektorea New Orleansera joan zeneko abentura.

Urrian atera zuen Dolores Redondok Baztango Trilogia arrakastatsuaren prekuela den “La cara norte del corazón” (Planeta), eta aurreko liburuak bezala, Ereinek euskaratu egin du ahal bezain laster. Danele Sarriugarte arduratu da “Bihotzaren ipar aldea” itzultzeaz. Abuztuan egin zioten enkargua eta hiru hilabetean buru-belarri ibili ostean, Durangoko Azokarako prest izatea lortu zuten.

Amaia Salazar inspektorea dugu protagonista berriro, baina oraingoan 2005era egiten du salto istorioak, bere iraganeko mamuak aurkeztuz. New Orleansen dago polizia ikastaro bat egiten, eta “Katrina” urakanak eragindako sarraskiaren erdian serieko hiltzaile bat agertuko da. Tartean jada ezagutzen ditugun pertsonaiak agertuko dira, batez ere protagonistaren aita eta ama, eta horiekin duen harreman zailaren hastapenaren berri izango dugu.

«Niretzat erronka handia izan da. Nire helburua irakurtzeko erraza egitea zen», aipatu zuen Sarriugartek aurkezpenean. FBI polizia indarrak presentzia handia duenez istorioan, horren inguruko hizkera euskaraz erabiltzea berria izan da itzultzailearentzat eta hori «erregistro natural batean» islatzen saiatu da.

Liburu lodia da eta Sarriugarteren lana errazteko gomendio bat eman zioten: aldez aurretik gaztelerako bertsioa ez irakurtzea, eta zuzenean itzultzea. «Irakurle bat bezala joan naiz deskubritzen itzultzen nuen heinean», esan zuen.

Dolores Redondo oso pozik agertu zen itzultzaileak egindako lanarekin, baita argitaletxearekin ere. «Hasieratik dudan konpromiso bat da nire nobelak ahalik eta lasterren euskarara, galegora eta katalanera itzuliak egotea», aitortu zuen. Guztira 36 hizkuntzatara itzultzen dituzte bere lanak. “Bihotzaren ipar aldea” lanak irakurle berriak erakarri nahi ditu, aurretik idatzi zituenak irakurrita izatea beharrezkoa ez delako. Hala ere, baieztatu zuen beste liburuak oraindik ondo saltzen direla liburu dendetan.

Eleberriaren inguruan kontatu zuen euriak berriro presentzia handia duela istorioan, Baztango Trilogian bezala. “Katrina” urakana Estatu Batuetatik pasatu zenetik idatzi nahi zuen istorio bat zen hau, eta bertara bidaiatzeko eta New Orleans bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du orain. «Urakan asko daude baina bertan gertatu zena harago doa. Sekulako ahalmena duela harro esaten duen herrialdeak, ordu gutxitan ejerzitoa munduaren beste aldera bidali dezakeen herrialdeak, babesik gabe utzi zuen gizartearen parte bat. Armak dauden herrialde horretan erailketak eta bortxaketak izan ziren. Arrazakeria eta klasismoa izan ziren arazoa», salatu zuen idazleak.

Giro horren erdigunean kokatu du Amaia Salazar, zeinek bere minean ezkutatu beharrean, min hori arma bezala erabiltzen ikasiko duen. «Gaizkiaren atzetik joateko prestatua dago, eta hori soilik ikasten du gaizkia aurrez aurre izan duenak», azpimarratu zuen.

Hala, Salazarrek «mendiaren ipar aldea eskalatu» egingo duela azaldu zuen Redondok. Eleberri honekin «iparra» ardatzean duen liburu sorta bat hasiko duela erabaki du; batzuetan Amaia Salazar bera izango da protagonista, baina ez beti. «Badaude agertu zaizkidan pertsonaia batzuk eta horietan sakontzeko gogoarekin gelditu naiz, batzuetan horiek izango dira protagonistak», aurreratu zuen.

Izan ere, bere hurrengo eleberrian Salazar alde batera utziko du. Gainera, iragarri zuen Baztango Trilogiatik aparte idatzi zuen “Todo esto te daré” liburuaren pelikula egiteko proiektua martxan dagoela. Ospea eman zioten eleberrien zinema bertsioak ere egin dituzte. “El guardian invisible”-ren ostean, “Legado en los huesos” bigarren filma dago orain zinema aretoetan ikusgai. Hirugarren zatia, “Ofrenda a la tormenta”, apirilean estreinatuko da.

Pasaiako marinel baten alaba da Redondo, eta noizbait itsasoaren inguruan idaztea pentsatu ote duen galdetuta, «emadazue denbora» erantzun zuen. Idazten hasi zenetik ez du etenik izan. Bost eleberri kaleratu ditu zazpi urtean, seigarrena udan idaztekoa da, eta tartean filmen zein liburuen promozioarekin jarraituko du.