Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jon Mariezkurrena, sustoren bat emateko prest

Berriozarrekoak uste du oraindik bi edo hiru aste beharko dituela bere mailarik onena eman ahal izateko.

Iaz bezala, Binakako txapelketako laugarren jardunaldia jokatuko du Jon Mariezkurrenak bihar Ederrena pilotalekuan Santa Lutzi egunez. Ez du oroitzapen onegirik, partida kaskarra jokatuta, 22-6 galdu baitzuten Artolak eta berak Irribarria-Zabaletaren aurka. Hala ere, Urretxukoa ibilbide bikain bateko orban beltza izan zela esan genezake, lehen itzuli guztian lehia hura eta seigarrenekoa baino galdu ez zituztelako eta Berriozarrekoak pilotazale guztiak txunditu zituelako bere joko mailarekin. Aurten, ordea, partida bakarra jokatu ahal izan du Oinatz Bengoetxearekin lesioen erruz eta ezin izan zuen bere onena eman aurreko ostiralean Tolosan.

«Sanferminetatik apenas jokatu dut, azken bi hilabeteetan partidarik jokatu gabea nintzen eta lehen mailako txapelketa batean berragertzea oso zaila da. Bagenekien pasa zena gerta zitekeela, ez nuen nire maila eman, baina aste honetan oso entrenamendu on bat egin dut eta espero ostiralean ere sentsazio horiek izatea», azaldu zuen.

Beste erritmo bat

Artola eta Imazen aurka nahi baino pilota gehiago huts egin zituen arren, eskuetatik eta gorputz osotik ondo amaitu zuen Beotibarreko lehia eta oraindik %100ean egoteko bi edo hiru aste beharko dituela uste duen arren, bihar aurrerapauso bat ematea espero du.

Izan ere, partidak dira oraintxe faltan sumatzen duen lehiaketa erritmo hori berreskuratzeko errezeta bakarra. «Lehen partida horretan zailena erritmo aldaketa izan zen, denbora asko neraman geldirik, baina esperientzia txar guztietatik ikasten da zerbait eta espero dut ostiral honetan ondo jokatzea. Aurreko astean ere entrenamenduetan oso ondo ikusten nuen nire burua, baina partidetan oso desberdina da», azaldu zuen Baikoko atzelari nafarrak.

Iaz langa oso goian jarri zuen eta azken partidan geratu ziren finalerdietatik kanpo, baina bigarren urte zail horretako presioak ez omen du batere kezkatzen. «Iaz oso txapelketa ona egin nuen, baina lesio aldetik ere suerte handia izan nuen, ez nuen batere minik izan. Aurten gaizki hasi naiz, baina hau oso luzea da eta espero buelta eman eta iaz baino hobeto bukatzea».

Horretarako erabateko konfiantza dauka lagun bezala jarri dioten Oinatz Bengoetxearengan. «Normalean beti gazteekin jokatu izan du Binakakoa eta bikoteari asko laguntzen dion horietakoa da. Gainera, kantxetatik kanpora ere oso ondo konpontzen gara eta asko laguntzen diogu elkarri», azaldu zigun.

Lesioen erruz ez dute elkarrekin nahi beste entrenatzerik izan, baina azken asteetan gero eta gehiago aritu dira elkarrekin prestaketa lanetan eta euren artean kimika sortu dela dirudi. «Biok oso ondo baldin bagaude, txapelketa oso polita egin dezakegu elkarrekin eta sustoren bat eman». Mariezkurrenak argi du.

Bada kezkarik materialarekin

Lehen jardunaldi hauetan ez da polemika handirik izan materialaren inguruan, baina zenbait pilotariren komentarioetan nabaritu da badela nolabaiteko kezkarik. Atzo Urretxun bi bikoteek gustura amaitu zuten saskian aurkitutakoarekin, baina Joseba Ezkurdiak onartu zuen azkenaldian pilota gutxixeago dabilela.

«Dudarik gabe, txapelketa hasiera honetan material gutxi dabil. Niri aukeraketetan gustatzen ari zaizkit, baina gero partida hasi, aurreneko tantoa jokatu eta bigarrenerako ezer ez dira, inoiz baino azkarrago gastatzen ari dira pilotak. Txispa segituan joaten zaie eta pena da, ze aukeraketa egunean gustatzen zaizkit», azaldu zuen.

Eta bere jokorako ez dio batere mesederik egiten. «Erritmoa sartzeko saiatzen naiz pilota azkarragoa, fuerteagoa bilatzen eta lehengoan Labriten zaila zen pilota horiekin erritmoa jartzea». Hori bai, arazo honen arrazoirik ez du topatu. IJ.O.