Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Biografia txiki bat

Lehen liburua argitaratzean, Sarrionandiaren ordezkoa izateko ametsa nuen. Aire berriak, badakizue, talentu gazte bortitza. Zaila da egolatria eta asmo onak bereiztea: zertarako garen kapaz, zer egitera izan garen deituak, eta zer garen zinez.

Komunikabide batean zeure burua ikustean, zerbait aldatzen da betiko, gizadia aldatuko duen misio espazial batera deitua bazeunde bezala sentitzen zara. Gero etorri ziren artikuluak, iruzkinak, beste libururen bat, elkarrizketa gehiago, harik eta gizon publikoa, figura delakoa, gorpuztu zen arte. Figura eta pertsona gorputz berean bizi dira, baina ez dira gauza bera. Zeure buruari distira emateko kosmetiko guztia, masa pisu eta deforme bat baino ez da azkenerako. «Gizon elefantea naiz –diozu bat-batean–, edo Mary Shelleyren Frankenstein».

Beti dago zarenaren eta besteek ikusten dutenaren artean alde handi bat, baina publikotasunaren exijentzia tartean egonik, arrakala amildegia izan daiteke. Ikusten duten hori izan nahi duzu, zarenaz ahaztuta. Eta bien tartean, zulo beltz bat. Krokodiloak han behean, atezuan. «20 urtez egon nintzen eskaparate batean –zioen Benito Lertxundik– desafiozko begiraden aurrean». Geure mundua salbatzeko heroi izan nahi nuen, eta ez nintzen heroi eta herio hitzen arteko ezberdintasun txikiaz jabetzen. Eta orain? Orain ere, nekez.