Asier AIESTARAN
PILOTA

Jokin Altunak baiezkoa eman du iganderako

Eibarren egindako probarekin pozik amaitu zuen, nahiz eta ehuneko ehunean iristea zail ikusten duen.

Jokin Altunak jokatu egingo du igandean Eibarren, Galartzarekin Jaka eta Zabaletaren kontra, atzo Astelena pilotalekuan egindako probarekin pozik amaitu baitzuen. Onartu zuenez, ehuneko ehunean iristea zaila izango da, baina neurketari aurre egiteko moduan ikusten du bere burua, gogorra izango dela ederki asko jakin arren.

«Ordubete inguruko proba egin dut, eta beroan nahiko ongi ikusi naiz. Hamar egun geldi egon naiz eta ez dut uste igandera ehuneko ehunean iritsiko naizenik, baina eskumuturra hobeto sentitzen dut eta hori da garrantzitsuena», adierazi zuen Amezketako aurrelariak.

Izan ere, gauza bat fisikoki osatzea izaten da eta bestea buruak izandako mina erabat ahaztea: «Eskumuturra ahulduta daukat, beldurra ere badaukat oraindik, eta aste batzuetan kontuz ibili beharko dut, baina uste dut igandean jokatzeko ongi nagoela eta oraindik hiru egun dauzkat osatzeko».

Liderren aurka jokatu beharko dutela ere aipatu zioten gipuzkoarrari, baina Altunak garrantzia kendu zion horri, aurkari denak zailak direla esanez. «Ez nuke esango aurrena doazelako beste bikote batzuk baino errespetu gehiago ematen didatenik. Txapelketa honetan bikote guztiek ematen didate errespetu handia, eta horregatik edozein aurkari litzateke oso zaila».

Buñuel ezagutzen

Astebururako bi material aukeraketa ere egin ziren atzo, bat Buñuelen eta bestea Labriten. Begiradak Buñuelen jarrita zeuden, izan ere, Nafarroa hegoaldeko pilotalekua erabat ezezaguna zen. Julen Martijak Euskadi Irratian aipatu zuenez, frontisa ongi zainduta dago, baina zorua «oso azkarra» da. «Gaur frontoia oso hotza zegoen eta ez da arazorik egon, ea ostiralean jende askorekin nola erantzuten duten pilotek».