Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren herdoilak

Mezu hau helarazi zidan musikari batek 2020ko urtarrilaren 2an GARAn idatzi nuen “Musikaren higadurak” artikuluaz. «Noizbehinka, salgaia bezala hartzen dituzu sortzaileen lanak. Salmentarako eta etekin handiena lortzeko pentsatzen dituzu estrategiak. Abestiak single bilakatzea duen xedeak, Gaztea bezalako formula irratiak baino ez dira kontuan hartzen, eta irrati horretan Euskal Herrian urtean sortzen diren kantuen ehuneko huskeria pintxatzen dute. Entzulea lelotu eta otzandu egiten du moda jakin batzuetara egunean kantu bera lau edo bost aldiz jartzeak. Eta merkatalgoa ez da bakarrik diskoetxeena, egun talde askok erabaki baitu sasi-diskoetxe bilakatzea. Dena da ekoizpen, dena da produktu, dena salerosketa mozkin handienaren bila. Badira sortzaileak ‘zuk zeuk egin’ edo DIY jarrera duen pentsamoldearekin ari garenak, autogestioa bultzatuz. Zer da musika herdoildu egiten den hori? Ez dela luze, tailer bat egin zuten EHUn erretromaniaz. Espero dut ez gertatzea han Marino Goñik esandakoa –hemen gauden azkenak desagertzen garenean desagertuko da gaur egun hainbeste kezkatzen gaituen erretromania hori, iraungitze data bera daukate belaunaldiek eta belaunaldi horietako mito bilakatutako musika taldeen inguruko nostalgiak ere–. Hitz gehiegikeria da hor botatakoa. Kulturaren transmisioak hainbat informazio galduko ditu bidean baina gaurko euskarri digitalekin sortzaileok egin ditugun lanak edonoiz entzuteko aukera izango dugu. Nahi duenarentzat hor egongo gara beti, herdoilik gabe».